Ur-eskasiaren eta emakumeengan duen eraginaren inguruko erakusketa Gasteizen
Gasteizko Montehermoso kulturunean Ura, emakume izena erakusketa paratu dute, ura izateko giza eskubidearen inguruan sentsibilizatu asmoz eta eskubide hori ez betetzeak emakumeengan duen eragina azpimarratzeko. Medicus Mundi Arabak aurkeztutako proiektua da, eta Nuria Conesa arduratu da koordinazio artistikoaz. Ehungintzan espezializatutako artista eta artisaua da bera, eta hiru hamarkadatik gorako ibilbidea du. Conesaz gain, ehungintzarekin lotutako arte-modalitate desberdinak lantzen dituzten beste emakume artista batzuek ere sortu dituzte lanak. Era berean, hiriko ikastetxeek ere parte hartu dute, bereziki Ekialdea bigarren hezkuntzako institutuak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, "fast fashion delakoak pertsonei eta ingurumenari eragiten die, industria-ekoizpen horrek pertsonen lan-eskubideak urratzen baititu, eta ura —baliabide urria bezain funtsezkoa— kutsatzen. Ehungintzan diharduten langileen % 80 baino gehiago emakumeak dira, eta beren haragietan nozitzen dituzte lanaldi luzeak eta ordainsari kaskarrak. Horretaz gain, emakumeak arduratzen dira beren familiak eta etxeak urez hornitzeaz mundu osoan. Orduak ematen dituzte ura garraiatzen; kilometrotan zehar buru gainean eramaten; askotan, txiki-txikitatik utzi behar izaten dute eskola zeregin horietan eta beste batzuetan aritzeko, eta egoera txarrean dagoen ura kontsumitzeagatik gaixotzen diren haurrak eta senideak zaintzen dituzte. Praka bakero batzuk egiteko 10.000 litro ur baino gehiago behar dira; kamiseta bat egiteko, 1.500 litro. Ehungintza da munduko bigarren industria kutsatzaileena, petrolio-industriaren ondoren. Baina, aitzitik, 2.200 milioi pertsonak ez dute edateko urik. Benetan behar al dugu gure armairuak gainezka eduki eta beti azken modan egotea?".
Erakusketa "emakumearen inguruko hausnarketa artistikoen itsasotzat" jo dute: "Emakumeek nabaritzen dituzte ur eskasiak eragindako kalteak beren senitartekoen aurpegian eta beren gorputzetan. Gogoeta-itsaso hori arte bihurtutako artisautzarekin ehuntzen da; izan ere, emakumeak beti izan dira ehule, eta gaur egun ere horretan jarraitzen dute, oraingoan ehungintza-industria baten esklabo gisa, zeinak erabiltzeko eta botatzeko modaren biktima bihurtzen baititu, eta itsasora inoiz iritsiko ez den ura gaizki erabiltzen eta xahutzen baitu".
Urtarrilaren 16ra arte bisita daiteke erakusketa, asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara izango da irekita. Bisita gidatuak ere egingo dituzte abenduaren 16an, abenduaren 22an eta urtarrilaren 13an. Parte hartzeko alava@medicusmundi.es helbidera idatzi behar da. Urtarrilaren 8an, larunbata, Medicus Mundi Araba Gobernuz Kanpoko Erakundeak uraren bisita gidatua eskainiko du; Gasteizko Erdi Aroko hirigunetik egingo dute ibilbidea,historian zehar hiriak eta urak eraiki duten ondarea ezagutzeko.

