Upelen Lasterketa egingo dute astelehenean Gasteizen
Bi urtez Gasteizko Upelen Lasterketa baztertu egin behar izan dute osasun egoera zela medio, baina bueltan izango da astelehenean, hilak 25, Blusen eta Nesken egunean. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta ia ehun blusek eta neskek hartuko dute parte, hogeita hiru taldetan banatuta.
Goizeko 10:30ean hasiko dute eguna lasterketako taldeen desfilearekin. Ondoren, Gasteizko Telebista Jaialdiko zuzendariak eta zuzendariordeak, Joseba Fiestrasek eta Arantza Lalindek, hasiera emango diote lasterketari. Hogeita hiru taldeak Plaza Berritik aterako dira eta Andre Maria Zuriaren plazatik igaro, Mateo Benigno Moraza kaletik igo, Agirre Lehendakariaren kalea zeharkatu, eta handik berriro ere Plaza Berrira itzuli beharko dute. Upelak bi blusek/neskek biraka eraman beharko dituzte eta, ibilbidea amaitzean, beren taldeko beste bi laguni eman, hiru errelebotan. Ibilbidean zehar komisarioak egongo direla jakinarazi dute, upela ibilbide osoan zehar biraka joan dela eta taldeko kide bat, gutxienez, une oro upelarekin kontaktuan egon dela ziurtatzeko.
Helmugara iristen den lehen talde mistoak Eguren Ugarte upategietako 225 litro ardoko upela jasoko du. Arabar Errioxako ardoak eta Arabako txakolina, Arabar Errioxan bizitzeko esperientziak eta beste hainbat sari ere banatuko dituzte. Sari-banaketa Plaza Berrian egingo da.

