Unisex

Unisex: izond. Gizon zein emakumezkoentzako balio duenaz esaten da, bereziki moda eta arropari buruz erabilia. Hitz hauekin definitzen du Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak unisex hitza. Baina, lasai, ez dizuet hitz egingo hiztegiaz, baizik eta sexuaz, ikusi dudalako hilabete hauetan, Madrilen, sexuaren unibertsitate bat martxan jarri dutela. Ekimen pribatua da, noski, sex shop baten inguruan sortutakoa, baina benetan berri bitxia iruditu zait, batez ere, bertan ematen diren ikasgaiak. Eta gizon zein emakumezkoentzako balio duten ikasgaiak dira, noski. Bondagearen hastapenei buruzko ikastaroa da lehenengoa, hots, lotzearen eta lotuta izatearen plazerraren inguruko ikastaro praktikoa.
Bigarren ikasgaiak etxeko zine pornoa nola errodatu daitekeen irakasteko asmoa du. Hirugarrenez masaje erotikoaren inguruko ikasgaia dugu, gorputz osoarekin ematen diren masajeak. Eta azkenik, strip-teasearen teknikak ikasteko tailerra dugu. Bitxia, ezta?
Eta honen guztiaren inguruko hausnarketa egiten hasi naizenean, bururatu zait ez legokeela batere gaizki gure unibertsitate publikoetan horrelako ekimen bat martxan jartzea. Bai, se-xuaren lizentziatura Euskal Herriko, Nafarroako edota Baionako unibertsitatean. Aipaturiko ikasgaiez gain, beste batzuk bururatzen zaizkit karrera berri honetarako: Sexuaren teoria, Bi-garren hizkuntza; frantsesa, Euskal Sexuaren Historia, Kamasutra konparatua, Sexuen tipologia, Gorputzen dialektologia, Sexua irakasteko metodologia, Hirugarren hizkuntza; greziera, Ligatzegintzaren teoria, Ahozko tradizioa... Ziur nago, behingoz, arretaz entzungo genituzkeela eskola guzti-guztiak. Gainera, erasmus batera joateko eta praktikak egiteko aukera emanez gero, zalantzarik ez dut ekimen benetan arrakastatsua izango litzatekeela. Etorkizuneko Euskal Herriko unibertsitate publikoa eta nazionala eraikitzeko tenorean kontuan hartzeko lizentziatura delakoan nago. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoak aldatu egin beharko luke unisex hitzaren definizioa: gizon zein emakumezkoentzako balio duen unibertsitatea. Dibertsitate dibertitua. Unibertsitate baino ge-hiago izango dena; euskal unibertsoa. Sexualitate osasuntsua eta oparoa. On egin diezagula!