Unibertso eragilea

Unibertso eragilea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unibertso-eragilea/@@download/image/sarezulo_1372771542.jpg
2013/07/08
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Unibertso eragilea
Murgildu gaitezen sistema eragileen munduan. Windows 7 eta 8, Phone, iOS, Mac OS, Ubuntu... Ezagunak egingo zaizkizu, ziur. Baina, ba al dakigu zertaz ari garen? Jar dezagun orden pixka bat hainbeste izenen artean.


Lehenik, sistema eragile bat zer den argitu behar dugu: software edo programa informatiko berezi bat da, ordenagailu, tablet zein smartphonetan funtzionatzen du, eta gailuaren hardwarea edo pieza elektroniko fisikoak kudeatzen ditu. Gainera, askotariko software aplikazioak efizientziaz exekutatzeko zerbitzu komunak eskaintzen ditu. Wikipediak eskaintzen duen irudi batean argi ikus daiteke zein den sistema eragilearen kokapena egitura informatiko batean.

Unibertso honetan egin daitekeen sailkapen nagusiak bi multzo garrantzitsu bereizten ditu: sistema eragile askeak, eta jabedunak edo itxiak.

Jabedun edo itxien artean, arrakasta handiena Microsoftek garatutako Windowsek eduki du. Hainbat bertsio ditugu aukeran, nahiz eta ezagunenak Windows 95, XP, Vista eta 7 diren. Berriena, ordea, Windows 8 da. Jabedun beste sistema eragile garrantzitsua Apple-en MAC OS da. Bertsio berriena MAC OS X v10.8 Mountain Lion da, baina, Windowsen kasuan bezalaxe, bertsio zaharragoak ere egon badaude: MAC OS X v10.7 Lion, MAC OS X v10.6 Snow Leopard...

Sistema eragile askeen artean, bestalde, ezagunena GNU/Linux da, baina honen baitan aldaera bat edo distribuzio bat baino gehiago daukagu aukeran. Sonatuena Ubuntu izenekoa da; ez, ordea, bakarra: Suse, Debian, Fedora... eta beste batzuk ere badaude. Bakoitzaren garapen prozesua, gainera, ezberdina da. Kasu batzuetan, enpresa bat arduratzen da horretaz (Ubunturen kasuan, Canocical Ltd.); beste batzuetan (Debianen kasuan adibidez), aldiz, informatikari profesional zein amateurren bitartez sortutako komunitateak izaten dira garatzaile. Nolanahi ere, den-denak oinarritzen dira Linux nukleoan, eta nukleo hau modu kolaboratiboan garatzen du komunitateak.

Ubunturi dagokionez, Windows eta MAC OX-ekin gertatzen ez den bezala, bertsio berri bat heltzen da sei hilabetero, eta bertsio horren identifikazioa kaleratutako urtearen eta hilabetearen araberakoa izaten da. Adibidez, berriena 13.04 da, 2013ko apirilean kaleratu baitzen, eta sei hilabeteroko kaleratze politikari jarraiki, aurreikusi dezakegu hurrengoa 13.10 izango dela.

Smartphone eta tabletetan ere bai
Ez pentsa sistema eragileen mundua ordenagailuetara mugatzen denik, hasieran aipatu bezala, smartphone eta tabletak ere software berezi honen bitartez kudeatzen baititugu. Hauen artean ere, Microsoft, Apple eta Linux dira zabalduenak.

Microsoften apostua Windows 8-arekin jarraitzea da, baina oraingoan izena pixka bat aldatuz: Windows RT da Windows 8-k tabletentzat duen izena, eta Windows Phone8, ordea, smartphonentzat aukeratutakoa. Apple-i dagokionez, iPhone eta iPad-etan instalatuta dagoen sistema eragilea  iOS da; eta Linux munduan, bestalde, Android, Googleek garatua. Bestalde, Ubuntu for Phone eta Ubuntu on Tablet sistemak garatzen ari da Canonical uneotan.

HARRITU GAITU



Escuela
Metodologia interesgarri bati jarraiki, ikastaroak eskaintzen dituen orrialdea. Klaseak zuzenean eta online dira.

KATXONDOENA



Midomi
Buruan bueltaka dugun abestia identifikatzeko. Ordenagailuko mikrofonoa gaitu, abestia kantatu eta bere izena lortuko digu webgune honek.

INFORMAZIO BILA



Arduteka
Elektronika, robotika eta 3D inpresioen inguruko informazio lagungarri eta interesgarria.