Unfaithful (Infiel / Infidele) **

Sexua obsesio huts bihurtu da Adrian Lyne azalekoaren azken sasoiko zineman. Nine 1/2 Weeks, Fatal Attraction, Indecent Proposal eta Lolita dira horren lekuko argiak. Unfaithful dugu, hain zuzen ere, erotismo light horren adierazle berria. Chabrol handiaren La femme infidele iluna hartu du oinarri Lynek gorputz biluzien aurrean asaldatzen diren puritanoen kontura negozioa egiteko. Senar-emazte baten istorioa da, finean. Elkar maite duten arren, euren harremana egunerokotasunean hondoratu da. Egun batean, baina, emazteak gazte bat ezagutuko du, eta libidoa esnatuko zaio. Senarra, emaztearen fideltasun ezaz zauriturik, jelosiaren espiral eroan eroriko da. Diane Lane aktorearen interpretazio aparta da nabarmendu daitekeen bakarra.