Unax Ugalde: “"Aktoreok bakarrik ez dugu film bat on egiten”"

Unax Ugalde: “"Aktoreok bakarrik ez dugu film bat on egiten”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unax-ugalde-quotaktoreok-bakarrik--ez-dugu-film-bat-on-egitenquot/@@download/image/20101216348unax_1361877700.jpg
2010/12/03
elkarrizketa
Testua: Raul Perez Argazkiak: lander garro
Euskal Herrian bizitzeari utzi zionetik urte batzuk joan dira. Hala ere, bere film berriek gurera hurbildu dute. 

Azken urteetan denetarik egin du, eta hainbat tokitan gainera: Kolonbian, Mexikon… Lan berriek etxera hurbildu dute ostera ere. Haren film bat, Bon Appetit, Hego Euskal Herriko zinema aretoetan dago asteotan ikusgai. Zinema erromantikora jauzi egin du aktore gasteiztarrak. Luze jo gabe estreinatuko duten No Controles ere ildo beretik joango da. Azaroaren 27an estreinatu zuten Xixongo Zinema Jaialdian eta datorren urtearen hasieran iritsiko da zinema aretoetara. Gasteizko Aranbizkarra auzoan jaio eta Zaramagan ikasi zuen mutilarekin Bilboko hotel batean elkartu gara. Euskaraz egin dugu, Calatrava zubia eta Isozaki dorreak parez pare ditugula, arratsalde lainotu eta epelean. Hori da menua. On egin!

Film erromantikoa dugu orain gutxi aurkeztutakoa. Zer moduz ikusi duzu zure burua?

Pozik. Filmak bi parte ditu. Alde batetik, amodio istorioa da eta, bestetik, sukalde istorioa. Aitor Elizegi sukaldari bilbotarrarekin aritu nintzen Gaminizen hilabetez trebatzen, eroso sentitzeko. Madrilen ere zaildu nintzen sukaldari bezala. Amodio istorioa garatzeko, berriz, zuzendariarekin, Nora Tschisner eta Giulio Berruti aktoreekin asko entseatu nuen, eta gidoiari hamaika buelta eman genizkion, zer eta nola kontatu nahi genuen erabakitzeko.

Filmeen errodajeetan jarrera aktiboa izatea atsegin al duzu?

Zuzendariak beti du azken hitza, baina nik beti egiten ditut egoki ikusten ditudan ekarpenak. Ez zait gustatzen gauzak memorizatzea, sentitzea baizik. Batzuetan gidoi batean gauza batzuk errepikatzen dira, eta energia ekonomizatu behar da. Jakin behar da gauzak nola kontatu, ikuslea ez baita inozoa.

"Maitsunean ohikoagoa da ezezkoa jasotzea baiezkoa jasotzea baino". Zuk esana da. Ados, baina kalabazak jasotzea ez da samurra gero.

Bai hala da, baina maitasunean eta bizitzaren gainerako arlo guztietan gehiago ikasten duzu esperientzia txarretatik onetatik baino. Ezezkoek aurrera egiten laguntzen dizute.

Hain justu 'Bon Appetit'en egindako lanagatik saria jaso zenuen duela hilabete gutxi Malagako Zinema Jaialdian. Pelikularentzat, estreinaldiari aurre egiteko, koltxoi baten modukoak al dira sariak?

Pertsonalki pozgarria da, bai. Zuzendari askok osatu zuten epaimahaia. Hala ere, niri ez ezik, pelikulari ere oso ondo etorri zaizkio sari guztiak; ez bakarrik nik irabazi nuena, eskuratutako gainerakoak ere. Izan ere, ikusle batzuk filma ikustera joango dira sariek sortutako jakin minak jota. Pelikula txikientzat sariak oso-oso garrantzitsuak dira, baina baita hedabideetan azaltzea ere. Pelikula batzuek badute nahikoa diru azaletan-eta ateratzeko, baina pelikula txikiez ari garenean, geure talentua baino ezin dugu saldu.

Zinemari buruzko honakoa esan zenuen Malagan saria jasotzean: "Hamaika sailez osatuta dago, nork bere interesak ditu, baina halako batean denek bat egiten dute eta zinema sortzen da".

Errodaje batean konturatzen zara argiztapena dagoela, soinua dagoela, aktoreak daudela… Alegia, zortzi edo bederatzi sail daudela eta bat-batean horiek denek bat egitean sortzen dela zinema. Esan ohi da film bat ona dela aktoreengatik, baina hori gezurra da. Aktoreek lan txukuna egingo zuten beharbada, baina baita kamerek, eta makillatzaileek… Film baten atzean talde lana dago.

Miguel apaiza izan zinen Barbara Goenagarekin batera errodatutako 'La buena nueva' pelikulan, buruko gaitzak gainditu nahian dabilen Adrian Pablo Maloren 'Frio sol de invierno'n, Vaquerito gerrilaria 'Che el argentino'n, Daniel sukaldaria 'Bon Appetit'en… Rol erraz eta zailak daude, ala beste zerbaitek –lankideek, zuzendariak…– bilakatzen du samur edo zail lan jakin bat?

Gidoia ona edo txarra den giltzarria da. Hori, eta dirua; dirua baduzu, filma egiteko denbora duzu. Denbora baduzu, trankil egin dezakezu lan, eta errepikatu. Tom Cruise The Last Samurai filmean ezpatarekin bikain jardun zela? Nola ez ba! Urtebete pasatu baitzuen trebatzen! Horrenbeste denbora eta gero, ez badu ondo egiten, akabo! Nik, esate baterako, Argala etakidearen rola jokatu berri dut Carrero Blancoren hilketari buruzko telesail batean, eta sei astean 90 minutuko bi atal egiten ari gara, sei sekuentzia egunean; hori erokeria da!

Steven Sodebergerghek zuzendu zuen 'Che el argentino' filma eta Benicio del Toro ari zen protagonistaren larruan. Zer irakaspen atera zenuen lan hartatik?

Asko ikasi nuen eta oso ondo pasatu nuen. Nik Vaqueritoren rola jokatu nuen, eta saiatu banintzen ere, hari buruzko oso informazio gutxi lortu nuen; pare bat argazki besterik ez. Parte hartze aktiboa izan nuen gainera. Sekuentzia batzuk neronek proposatu nituen. Sodebergerghek esan zidan AEBetan ez zekitela nor zen Che. Hiltzailea zela barneratua zuten. Iruditzen zain Euskal Herrian, Espainian, eta Europan askoz gehiago dakigula hari buruz. Zineman lan egiteak hori ematen dit, pertsonaietan sakontzeko aukera. La buena nuevan, adibidez, apaizarena egin behar nuela jakin nuenean, kezkatu egin nintzen, baina gero ikusi nuen oso pertsonaia interesgarria zela; gertaerak beste ikuspuntu batetik aztertzeko aukera ematen du lanbide honek.

Pelikula hark baino oihartzun apalagoa izan zuen gurean 'Rosario Tijeras' filmak. Baina Kolonbian, aldiz, marka guztiak hautsi zituen –sikario eta narko artean bizirauten duen emakumearen istorioa da–.

Komuna oso liskartsuetan aritu ginen, sindikaturik ez zegoen eta 18 ordu egiten genuen lan segidan… Egia esan, beldurra pasatu genuen une askotan. Toki batzuetatik hanka egin behar izaten genuen eta handik bi egunera itzuli, segurtasun handiagorekin.

Eta Mexikoko esperientzia?

Tequila pelikula komertziala da, handia, akziozkoa, historikoa. Tekilaren historia kontatzen du. Duela bost urte errodatu nuen, baina produkzio ostekoa asko luzatu da efektu bereziak direla eta. Hiru orduko zati gordina ikusi nuen, eta orain badakit bi ordu irauten duela.

Aizu, zinemarako sarrerek zazpi euro balio dute. Horri krispetak eta freskagarria gehitzen badizkiozu… Ez al zaizu iruditzen garestiegia dela, batez ere gazteentzat?

Zinema garestia? Eta kopa batek zenbat balio du? Dena dela, ez dudana ulertzen da zergatik ordaindu behar den prezio bera AEBetako film bat eta bertako pelikula bat ikusteko. Protekzionismorantz jo beharko lukete. AEBetan ez dute hori behar zinemagintzari dagokionean, baina halako zerbait egin zuten 70eko hamarkadan autogintza hondora ez zedin. Burdina txarra zutenez, Europakoa erosteko joera zabaldu zen. Gobernuak mugak itxi zituenean, euren burdina hobetu beste erremediorik ez zuten izan, eta azkenean zer gertatu da? Ba autogintzan puntaren puntan daudela AEBak.

Zergatik ez da, ba, horrela jokatzen zinemarekin gurean?

Jende asko AEBetatik datorren zinematik bizi delako.

Krisiari buruzko filma zuzentzeko ardura emango balizute, nork egingo luke gaiztoaren rola?

Gobernua jarriko nuke gaiztoaren paperean. Amorru gehien ematen didana da beti mozten dela alde beretik, kulturaren aldetik. Ekitaldi politiko asko egiten dira, bat batean Aita Santua etortzen da. Herri batek, aurrera egiteko, kultura funtsezkoa du. Ezin da inoiz esan kultura gehiegi dagoenik.

Abesten ikusi eta entzun zaitugu Los del Gas musika taldekoen 'Feisbuk' abesti katxondoan.

Gorka Aginagalde lagunmina dut eta horregatik parte hartu dut bideoklipean, baina argi dut abesten ez dudala bizimodua aterako! (barrez)
Gasteiztarra zara jaiotzez, baina Basauriri buruz galdetuz gero…
Egunero launa autobus eta tren hartzen nituen! Baina hala ere pozik joaten nintzen. Bertan ikasi nuen zenbait hilabetez antzerkia. Deustoko unibertsitateko ikasle guztiek liburuak zekartzaten eta nik, aldiz, ezpata besterik ez esgrima eskoletarako.

Ohitu al zara zure izena hamaika eratan ahoskatzen entzutera?

Nire gurasoek eta senitartekoek Unax zein Unaks deitu izan didate. Nire izena gaizki ahoskatzeak ez nau amorratzen. Imix, Ufux, Afax deitu izan didate eta hori okerragoa da…

Zer traza hartzen diozu 2011ri?

Promozio lan handia datorkidala badakit. No controles, Tequila, Cefalopodo –beste pelikula mexikarra– Nafarroan errodatutako Baztan, There Be Dragons ere iritsiko dira…

Interneten 'Bon Appetit'en egindako lanagatik datorren urteko aktore onenaren Goya saria irabazteko hautagaitzat jotzen zaituztete.

Hara! Oso zaila da, hor babes handia duten pelikulak izaten direlako. Ikusleek, txikia den arren, zuzenean bihotzean jotzen duen film honekin disfrutatzea nahi dugu.

[Argazkiak atera eta gero, zinemaz aparte duen zaletasun nagusia aipatu digu. Mendi bizikleta erosi du berriki, eta hari buruz hitz egitean,  begiek dir-dir egiten diote, Olentzeroren zakutik opariak hartu berri dituen ume baten antzera. "Madrilen ez dago oso toki aproposik bizikletaz ibiltzeko, baina handik ordubetera bai". Batzuetan,  elkarrizketetan bukaeran izaten dira ustekabeak. Pelikuletan bezala.]

Unaxen Kuttunak



Liburua: No logo (Naomi Klein, 2000)
Musika taldea: Radiohead
Ondo prestatzen duzu: Arroza perretxikoekin
Aktorea: Javier Bardem
Zaletasuna: Mendi bizikleta