Unai Salazar bilbotarrak irabazi du otsaileko lehiaketaren saria
Otsaileko aleko lehiaketan Txakur Gorria sormen taldeak sortutako Taroka karta-jokoa zozkatu genuen, hitzak eta errimak oinarri dituena. Hauxe izan zen erantzun beharreko galdera: "Zenbat tortura kasu daude erregistratuta guztira Hego Euskal Herrian une honetan?". Eta hauxe zen aldizkariko elkarrizketa nagusian topa zitekeen erantzuna: 5.181 kasu.
Lehiaketan parte hartu eta galdera zuzen erantzun zutenen artean izan zen Unai Salazar Olabarri bilbotarra, eta zozketak bera izendatu zuen saridun. Hortaz, berak jaso du etxean Taroka mahai-jokoa. Bere irudia sekretupean mantendu nahi izan du, baina hasia da jokoarekin saltsan. Zorionak, Unai, eta gozatu!
Bi komiki martxoko lehiaketan
Martxoko lehiaketa ere martxan da, noski, eta komikizaleentzat sari ederra du gainera. Fermin Muguruza, Harkaitz Cano eta Susanna Martinen Black is Beltza: Ainhoa, eta Unai Iturriaga eta Alex Sanviken Udaberririk ankerrena. Hauxe da erantzun beharreko galdera: Zer egiten du Domek sormen blokeo baten aurrean dagoenean?. Erantzuna martxoko aleko elkarrizketa nagusian topatuko duzue. Parte hartu eta zorte on!

