Unai Elizasu: "Bertsoa ligatzeko erabili dut, eta mota guztietako emaitzekin"

Unai Elizasu: "Bertsoa ligatzeko erabili dut, eta mota guztietako emaitzekin" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unai-elizasu-quotbertsoa-ligatzeko-erabili-dut-eta-mota-guztietako-emaitzekinquot/@@download/image/83p48elizasu_1363649136.jpg
2008/03/07
elkarrizketa
Unai Elizasu altzatarra bertsozale amorratua da. Gai jartzaile ibili ohi da. Oraingoan, guk jarri diogu gaia: sexua.  

Bertsoak ligatzeko balio du?
Bai, noski.

Eta zu erabilitakoa zara?

Bai, eta mota guztietako emaitzekin.

Esan egia: zenbat alditan etorri zaizu burura bertsoren bat sexu jolasetan zenbiltzala?

Zein burutara?

Burmuina duzun burura, alegia…
Sekula ez. Aurrean dagoen horrekiko errespetuarengatik... Jakina baita gizonak ez garela bi gauza batera egiteko gai.  

Sexuan, zer nahiago duzu: bat-bateko bertsoa ala bertso jarria?

Jarrita, bat-batean egitea.

Sexu saio onak habanera bezain luzea izan behar du?

Bertso on batek bezalakoa izan behar du. Hori bai; aukeran, hobe habanera on bat zortziko txiki on bat baino.

Bertsoan sexuan bezala, bukaera da beti garrantzitsuena?

Bai, baina hasieratik gaizki hasiz gero, bukaerak ez du indarrik izango; lehen lerrotik hasi behar da bukaera prestatzen.

Altzatarra zara, baina Leitzan bizi zara. Nortzuk dira grinatsuagoak sexuan: gipuzkoarrak ala nafarrak?

Benito Lertxundik dioen bezala, Bizkaia maite.