Unai Azkarate: "Kamerinoak ikusita, azkar joaten zaizu morboa"

Unai Azkarate: "Kamerinoak ikusita, azkar joaten zaizu morboa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/unai-azkarate-quotkamerinoak-ikusita-azkar-joaten-zaizu-morboaquot/@@download/image/unai_azkarate_1362745419.jpg
2009/04/03
elkarrizketa
Patxi Uranga
Bergarako gazte hau Mahaster River taldeko frontmana da. maindire azpian oholtzan bezain ondo moldatzen den jakin nahi izan dugu. hemen Zuekin… Unai Azkarate.

Musikariek nahi adina ligatzen omen duzue.  
Kazetariek egiten diguzue galdera hau: baina guk ez dugu zertan ligatu arrantzale, tabernari edo suhiltzaile batek baino gehiago. Norbaitentzat, akaso, gure aurpegiak interesgarri bihur daitezke fokuen azpian...

Larrutan egin ondoren, ahotsaren tonua jaisten omen da. Inoiz geratu zara afoniko?

Urtean 50 kontzertu inguru eman arren, ahotsa da kontrolatzeko instrumenturik neketsuena. Beraz, bolada batzuk afoniko samar ematen ditut. Beste batzutan, berriz, ahotsa bere tonuan izaten dut; arraunlariek bezala… kar, kar.

Gau bero baterako: hardcorearen abiada edo bluesaren patxada?

Azken aldian soula, funky leuna, Errumaniako ijitoen musika, edota Leonard Cohen bezalakoak nahiago ditut gau beroetarako.

Agertokiaren morboa edo backstage anonimoaren epela?

Disko berriarekin agertoki asko zapaltzen ari gara, eta kamerinoak ikusiz gero, azkar joaten zaizu morboa. Nahiago ditut toki lasaiagoak.

Agertokira tanga bat bota dizute. Begiratu duzu eta… haurra zineneko andereño zital hura ikusi duzu. Zer egin?

Aspaldi gertatu zitzaidan: inauterietako kontzertua zen, agertokian nengoen argentinar abeslari ezagun baten gisan mozorrotuta. Bat batean, bularretako batzuk bota zizkidaten: begiratu eta… koadrilakoak ziren!

Inoiz, erabili duzu musika ligatzeko?

Musika barnean izateak laguntzen du ligatzen, zirikatzen, baina neskalaguna ezagutu nuenean, hasieran ez nion esan talde batean jotzen nuenik.

Larrutan egin duzun tokirik bereziena?

Kartzela batean, akaso…

Zer arraio du Mick Jaggerrek faltan, eta zuk soberan?

Rolling Stones 2003an eta 2007an ikusi nituen, San Mamesen eta Anoetan... eta serio esaten dizut: Mick Jaggerrek ez du ezer falta! Nik kilotxo batzuk ditut soberan… kontzertuen aurretik ganoraz afaltzea gustatzen zaigu eta!