Umorezko zortzi ikuskizun izango dira Bilboko Deustualdeko Klown jaialdian

Umorezko zortzi ikuskizun izango dira Bilboko Deustualdeko Klown jaialdian Bihartik martxoaren 3ra egingo dituzte emanaldiak, ostegunetan eta ostiraletan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/umorezko-zortzi-ikuskizun-izango-dira-bilboko-deustualdeko-klown-jaialdian/@@download/image/berrerabizi.jpeg
2023/02/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bihartik martxoaren 3ra egingo dituzte emanaldiak, ostegunetan eta ostiraletan.
Umorezko zortzi ikuskizun izango dira Bilboko Deustualdeko Klown jaialdian

Deustualdeko Klown Jaialdiko ikuskizunak Deustuko eta San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegietan izango dira, adin guztietako publikoari zuzenduak. Bilboko Udalak azaldu duenez, “konpainia askok egiten dute beren lan eszenikoa umorea egiteko modu horretan, eta hori ez da soilik haurren kontua, baizik eta barreak oso modu interesgarri, sakon eta konplexuan hurbiltzen dizkie gazteei eta adin handiagoko publikoari”. 

Zortzi ikuskizun antolatu dituzte guztira. Bihar, 19:00etan, Malaje Solo konpainiak animalien unibertsoa omendu nahi duen Cave Canem? eskainiko du, Deustuko Udaltegian. Hurrengo egunean, ostiralean, Zirika Zirkusen Berrerabizi izango da, 18:00etan, San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegian. Berrerabizi Klubekoak murriztu, berrerabili eta birziklatzen primeran moldatzen dira eta horren garrantziaz jabearaziko dituzte gainerakoak, oreka-ariketak, akrobaziak, clowna eta malabareak musika eta dantzekin uztartuta.

Otsailaren 16an, Cia Maria Andres konpainiaren Frágil emanaldia izango da, 19:00etan, Deustuko udaltegian. Emozioetan, inkomunikazioan eta giza zentzugabekerietan barrena egindako bidaia kontatzen du. Otsailaren 17an, berriz, Bapatean Zirkok Adabaki ikuskizuna aurkeztuko du, 18:00etan, San Inazio-Ibarrekolandako udaltegian. Ada eta Bakiren jokoak emozioen, kolpeen, magiaren eta umorearen unibertso batera eramango du publikoa.

Kancaneo Teatrok Ovolucionando eskainiko du otsailaren 23an, 19:00etan, Deustuko udaltegian. Umorezko ikuskizun honek ikuslea umetokiaren barruan kokatuko du, natura ziklikoaren jatorriaren sinpletasuna eta organikotasuna erakusteko, bizitza erakusteko, hilekoaren zikloaren fase guztietan. Biharamunean, Ganso & Ciaren Panoli kabareta izango da, 18:00etan, San Inazio-Ibarrekolandan. Artistak izan nahi zuten protagonistek eta autolaguntza liburu bat irakurri zuten. Inolako esperientziarik ez izan arren, beren buruarengan konfiantza izatea erabaki zuten. 

Martxoaren 2an eta 3an izango dira azken bi ikuskizunak. Lehena, Zirika Zirkusen Pantxika, Alter ego izango da. Pantxika Lamur emakume modernoa da protagonista, ezkongabea, lagunen laguna, eta, besteak beste, generoen arteko berdintasunaren alde borrokatzen duena. Bere alter ego-arekin, manikiarekin, eta publikoarekin batera, inoiz errepikatuko ez den ikuskizun bat inprobisatuko du, aldi bakoitzean desberdina baita. Bigarrena, aldiz, Trokolo Teatroren Txus & Txu izango da, bizilagun bihurtu diren eta elkarrekin bizitzen ikasi beharko duten bi pertsonaren ingurukoa.