Umorezko antzerkia Arabako herrietan

Umorezko antzerkia Arabako herrietan Ganso & Cia eta Shakti Olaizolaren emanaldiak izango dira egunotan umorea, antzerkia, zirkua, musika, dantza eta margoketa uztartuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/umorezko-antzerkia-arabako-herrietan/@@download/image/baldin bada.png
2021/08/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ganso & Cia eta Shakti Olaizolaren emanaldiak izango dira egunotan umorea, antzerkia, zirkua, musika, dantza eta margoketa uztartuz.
Umorezko antzerkia Arabako herrietan

Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren jaialdia martxan da eta hilabete honetan Arabako hainbat herritan emanaldiak egiten ari dira. Datozen egunetan Ganso & Cia konpainiak Panoli Kabareta eskainiko du eta Shakti Olaizolak, berriz, Baldin bada ikuskizuna. 

Ganso & Cia-ren hurrengo emanaldiak honako hauek izango dira: hilaren 20an, Murgian, 19:30ean; hilaren 21ean Lantziegoko plaza nagusian, 13:00etan, eta Pobeseko frontoi zaharrean, 20:00etan; hilaren 24an Okondoko udal karpan, 18:00etan; hilaren 25ean La Puebla de la Barcako El Plano plazan, 19:00etan; eta hilaren 28an, Gesaltza Añanako Gatz haranean, 20:00etan. Panoli Kabareta izango da ikusgai toki horietan guztietan, COVID-19 garaian sortutako kale-antzerki ikuskizuna, umorea ardatz duen zirku parodia. Artista izan nahi zuten bi lagun dira protagonista, autolaguntza liburu bat irakurri eta esperientziarik ez izan arren, eurengan konfiantza izan eta ikuskizuna martxan jartzen dutenak. Gorka Ganso eta Cecilia Paganini dira antzezleak testurik gabeko 45 minutuko ikuskizun honetan. 

Shakti Olaizolak, berriz, Baldin Bada ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko ditu: hilaren 20an, ostirala, Ribabellosan, 20:00etan; eta larunbatean, hilak 21, Zuhatzu Kuartangoko Bainuetxeko plazan, 19:30ean. Zirkua, antzerkia, musika eta pintura uztartzen ditu ikuskizunak. Margolari eta musikari baten erokeria eta zentzugabekeriak gertutik ikusteko aukera ematen du emanaldiak. Haientzat
dena da posible beren munduan eta euren errealitate zentzugabea eraikitzen dute gehien gustatzen zaien bezala. Shakti Olaizola eta Joseba Negrok hartzen dute parte ikuskizunean.