Uhinen ekoiztetxea

Uhinen ekoiztetxea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uhinen-ekoiztetxea/@@download/image/wavegarden_01_1380792300.jpg
2013/10/07
erreportajea
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Wavegarden
Uhinen ekoiztetxea
Mendi artean, zuhaitz eta baserriz inguraturik, eta ur gezatan surf egitea posible da dagoneko Wavegarden teknologiari esker.


Surflariek aspalditik amesten zuten itsasorik gabeko eremuetan beren pasioa praktikatzeko aukerarekin. Faktore geografiko eta klimatikoei estuki loturik dagoen kirola da berena, eskia edota alpinismoa bezalaxe, eta Euskal Herrian halako jarduerekiko dugun zaletasuna ikusirik, berandu baino lehen azaldu beharra zuen gure mendietan surf egitea egikaritzen zuen euskaldunen bat. Hain zuzen, Josema Odriozola ingeniari nafarrak eta Karin Frisch ekonomialariak beren gaitasunak batu, Instant Sport etxea sortu eta kirol azpiegiturak eraikitzen hasi ziren 2005ean; skateparkak izan ziren abiapuntua, baina laster ohartu ziren surfarekiko sentitzen zuten pasioak ezin zuela bigarren mailan geratu, eta pixkanaka, lehen olatu generadoreak diseinatu eta eraiki zituzten.

Eskala txikiko frogekin hasi baziren ere, gehienak neurri errealera eraman zituzten ondoren, emaitzak aurrez aurre ikusi eta kostu ekonomikoak kalkulatzeko; izan ere, sistema bideragarri eta jasangarriak dituzte helburu, azpiegitura sinple eta fidagarriak erabiltzen dituztenak. Eta hala, 2011n merkaturatu zuten Wavegarden teknologia, adituen eta berau probatu duten surflarien iritziz, gizakiak sekula ekoitzi duen olatu artifizialik errealena sortzeko gai dena.

18 segundoz
Aizarnazabalen jarri dute lehen instalakuntza. Itsas mailatik 57 metrora, paraje berdeak zeruertzean, itsasoaren arrastorik ez. Lehen aldiz hurbiltzen den bisitariak putzu erraldoia begiztatu eta sekula ikusi duen igerilekurik handiena dela pentsatuko du. Mendiaren magalari jarraiki, urmaelak bihurgune modukoa egiten du ezkerrerantz, eta erdi erdian, ur mailaren gainetik altxatzen da 175 metroko pasarela. Horixe da olatua abiarazten duen gailua, ezker eta eskuin aldeetara 1,2-1,9 metro arteko altuera eta 18 segundoko iraupena duten tuboak sortzen dituena; dena den, generadorearen indarraren arabera, berauen forma eta abiadura zertxobait aldatu daiteke aldi bakoitzean. Amaierara heldu ahala, oso era garbian hausten den tuboa olatu apartsu bilakatzen da, esperientziadunek ez ezik, ikasleek ere gozatzeko aukera izan dezaten; batez beste, 50 eta 100 lagun artean egon daitezke igerilekuan aldi berean elkarri trabarik egin gabe.

Finean, baina, Wavegarden negozio bat da, eta negozio ororen gisara, sortzaileen helburua ahal bezain beste saldu eta mundu osora hedatzea da. Aisialdi parkeak, oporraldi eta turismo guneak, eraikuntza enpresak eta administrazio publikoak dira erosle potentzialak, eta lur eremuaren eta instalakuntzen arabera aurrekontua aldatu daitekeen arren, batez beste hiru milioi eurotan eraiki daitekeela kalkulatu dute. Aizarnazabalgoa, oraingoz, probak egin eta produktua bezeroei erakusteko baino ez dute zabaltzen, hau da, gutako edonork ezin du arratsalde pasa olatuak hartzera joan, eta dagoeneko Europako eta Ekialde Ertaineko enpresariak konbentzitzea lortu du.

Sortzaileen hitzetatik haratago, olatua probatu duten surflarien iritzia jakin nahi izan dugu, eta horretarako, Indar Unanue zarauztarrarekin eta Pauline Ado hendaiarrarekin egin dugu hitzordua.

Galderak


1.- Wavegarden instalakuntzako olatua probatu ostean, zer duzu esateko?

2.- Nolakoa da olatua? Zein sentsazio bizi izan dituzu hura surfeatzen ari zinela?

3.- Olatu errealekin parekatuko zenuke? Ala artifiziala dela nabari da?

4.- Itsasorik ez den guneetan surfeatzea pentsaezina zen orain arte. Aurrerapen hau surfarentzat onuragarria dela uste duzu?

5.- Berau diseinatu duten ingeniariek diote uneoro olatu berbera sortzen duela makinak. Ez al da aspergarria?

6.- Zer esango zenieke oraindik probatu ez dutenei? Probatzeko gomendatuko zenieke?

Indar Unanue: "Olatuak teknikoki hobetzeko aukera ematen dizu"



1.- Orain lau urte inguru probatu nuen Aizarnazabalen egin zuten lehen froga; lehenetakoa izan nintzen, eta gehien surfeatu dutenetakoa naiz. Pixkanaka hobekuntzak egin dizkiote, olatua garatuz joan da, eta oraingoa ordukoa baino askoz hobea da. Kontuan izan gu kostaldean bizi garela, eta zorte handia dugula olatuak bertan ditugulako; baina itsasoa eskas dagoen egun horietarako, amets bat dirudi igerilekura joan eta bertan surfeatzeak.

2.- Aipatu moduan, nabarmen hobetu dute: oso luzea da, eta olatu berean zazpi bat maniobra egin ditzakezu. Forma perfektua du, uneoro berdin mantentzen dena.

3.- Itsasoan, olatu bakoitza ezberdina da: puntu ezberdinetan hausten da, abiadura ezberdina du, baita forma ere… Igerilekuan, aldiz, egonkor mantentzen da uneoro, eta aldiro mugimendu berdinak egiteko aukera ematen dizu.

4.- Zalantzarik gabe, jende gehiagorengana iristeko aukera emango duelako. Barnealdean bizi diren horiek surfa probatu ahal izango dute bertan, eta kirola hedatzeko balioko du.

5.- Gure artean ere hitz egin izan dugu horri buruz, baina egia esan engantxatu egiten zaitu, olatu baten ostean beste bat nahi izaten duzu! Entrenatzeko, adibidez, zoragarria da, teknikoki hobetzeko aukera ematen baitizu, maniobrak behin eta berriro probatu ditzakezu, eta akats txiki bakoitza zergatik egiten duzun ulertu, itsasoan baino gehiago nabari direlako.

6.- Noski baietz! Esperientzia aparta da, joaten naizen bakoitzean primeran pasatzen dut. Gainera, etorkizun oparoa du, surfak arazo ugari ematen baititu zenbaitetan, itsasoaren eta haizearen baldintzen arabera askotan txapelketak bertan behera utzi behar izaten ditugulako, eta orain probak egiteko soilik erabiltzen dugun arren, aurrerago lehiaketak egiteko ere balioko du Wavegardenek.

Pauline Ado: "Bideoetan ikusten dena baino hobea da probatzen duzunean"



1.- Olatua probatu nuen lehen unetik liluratuta geratu nintzen. Surflari batentzat, beti leku berean apurtzen den olatu perfektua izatea, nolabait, mamu bat bezalakoa da.

2.- Hasiera batean, bi-hiru olatu hartzea beharrezkoa da ohitzeko. Baina behin olatuaren erritmora moldatutakoan, benetan, ez sinesteko modukoa da. Olatu bakarrean zazpi-zortzi mugimendu ezberdin egiteko aukera ematen du eta oso olatu handia ez den arren, indar eta abiadura handiak ditu.

3.- Ez dut uste olatu artifiziala delako sentsazioa dugunik. Esango nuke, olatu naturalarekin ezberdintasun bakarra duela: Wavegardenekoa aurrera doa baina ez da izkinarantz apurtu eta amaitzen; olatu naturala bai ordea.

4.- Ziur nago baietz, izan ere, surflari orok bere teknika hobetzeko eta mugimenduak etenik gabe errepikatzeko leku perfektua da, eta eremu naturalean hori oso zaila da. Imajinatu genezake urte batzuen buruan surflariek teknologia hau erabiliko dutela euren teknika hobetu eta garatzeko.

5.- Ez dut uste, izan ere, teknologia horren helburua beregi da beti olatu bera izatea. Surfean aritzen garenean baldintzak beti dira ezberdinak, sarritan oso zailak eta askotan ez dago surfeatzeko aukerarik ere. Olatu honekin, beti antzerakoa bada, olatu bakoitzaren ostean beti dugu zerbait ikasi izanaren sentsazioa, eta hori ez da inondik inora aspergarria!

6.- Noski baietz! Posible izanez gero, galdu ezin den aukera da. Gainera, nire iritziz, irudietan ez da ikusten olatua nolako ona den. Esango nuke olatua bideoetan ikusten dena baino hobea dela bertan probatzen duzunean.