Uhinak, aske

Uhinak, aske https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uhinak-aske/@@download/image/guifi_1_1357830072.jpg
2013/01/04
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Sarearen bidez komunikatzeko eta informazioa jaso nahiz zabaltzeko dugun eskubide unibertsala egikaritzeko asmoz sortu zen Guifi.net, telekomunikazio multinazionalen monopoliotik ihesi, eta emaitza gugana iritsi berri da.

Guifi.net proiektua 2004an sortu zen Katalunian. Landa guneko hainbat eremutan arazoak zituzten Internetera konektatzeko, hornitzaile handiak ez baitziren bertaraino heltzen, eta banda zabaleko sarea sortzen hasi ziren. Erabiltzaileek –herritarrak, enpresak eta udalak– nork bere etxe edo bulegoan nodo edo antena txiki bat jarri, eta supernodo edo errepikagailu batera uhin bidez lotuta, modu merke, erraz eta erosoan, Interneta erabili gabe, elkarren artean konektatzeko bidea bilatu zuten.

Geroztik, Guifi.net ikaragarri hazi da. Katalunian sare egonkor eta zabala du, baita Valentzian ere, eta Euskal Herrian lehen urratsak egiten hasi da. Bereziki Gipuzkoan hedatu da –2013 hasiera honetan 25 udalerritan izango da martxan–, eta Nafarroan, Bizkaian eta Araban ere ezarri dituzte lehen sare txikiak. Proiektu irekia da, edonork har dezake parte, eta eredu horizontala jarraitzen du: izendatutako kargu bakarra fundazioko lehendakariarena da. Sareak ez du jaberik, eta berau erabiltzen duten norbanako eta enpresak dira hornitzaile bakarrak. Eta, hala ere, eskaintza komertzialekin alderatuz, horiek baino zerbitzu hobeagoak eta prezio baxuagoak eskaintzen ditu zenbait kasutan.

Guifi.net-ek ez du mugarik, baina Euskal Herriko taldeak sarea lurralde osora iristarazteko helburua du. Herri bezala ere onurak ekar ditzakeelakoan daude, telekomunikazioaren alorrean estatuarekiko ditugun menpekotasunak gainditzeko bide alternatiboa izan daitekeelako.

Asier Garaialde: "Proiektuari ez diot ezer txarrik ikusten"



Guifi.net egitasmoaren baitan, Gipuzkoa Share elkartea sortu dute. koordinatzaile dabil Asier Garaialde hondarribiarra.


Labur-labur, zer da Guifi.net?
Gizartearentzako sare informatiko ireki, libre eta neutrala; sare komunitarioa.

Demagun nik, nire etxetik, Guifi.net sarera konektatu nahi dudala. Zein urrats jarraitu behar ditut?
Lehenik, gure webgunean sartu eta bertako komunitatearekin hartu-emanetan jarri behar duzu. Zonalde bakoitzarekin komunikatzeko zerrendak aurkituko dituzu eta, zurea aukeratuta, zer eta nola egin azalduko dizugu. Azken finean, erabiltzaile bezala parte hartu nahi baduzu, antena txiki bat erosi, jarri eta hurbilen dagoen supernodo edo errepikagailura konektatu besterik ez duzu egin behar.

Denak abantailak dira: sare merkea, erraza, arazo teknikorik gabea… Non dago tranpa?
Galdera bera egin izan didate, baina nik ez diot ezer txarrik ikusten. Azken batean, erabilpena ezin da txarra izan, izatekotan, esperientzia izango da eskasa. Komunikazioa erraztea bilatzen duen proiektua da, merkeagoa, azkarragoa, irekia... Beharbada, uhinen kontua da puntu gatazkatsuena, baina erabiltzen ditugun aparailuek oso potentzia baxudun seinaleak emititzen dituzte, gure asmoa eskualdeko uhin maila jaistea baita.

Eta antenak konexio arazorik izango balu?
Beste galdera batekin erantzungo dizut: telebistako antenak arazorik izango balu? Antenistari deituko zenioke, ezta? Ba gauza bera! Euskaltelen kasuan, esaterako, haiei soilik deitu diezaiekegu, baina Guifi.net-ekin ez, gu ez gara enpresa bat, eta edozein teknikok konpon dezake arazoa.

Uneotan, zein zabalera du sareak Euskal Herrian?
Orain arte lan handia egin dugu proiektua Udaletara hurbiltzen. Urte hasierarako Gipuzkoako 25 udalerritan martxan izango da, eta beste hamabi dauzkagu zain. Bortzirietako bost alkateekin ere izan ditugu bilerak, Internetera konektatzeko arazoak dituztelako; Bizkaian, Ortuellako auzo batean jarri zuten, eta Araba hegoaldeko Barron herrixkan ere bai. Hala ere, Udalen eta herritarren artean komunikatzeko sare txikia sortu zuten lehenak Nafarroako Xulapain bailarakoak izan ziren! Bistan da jendeak gustuko duela…

Eta ni bizi naizen eremura sarerik iritsi ez bada, zer egin?
Zergatik ez zara zu hasten sare hori sortzen? Ez dugu guk joan beharrik, edonork ikas dezake proiektua zein den eta auzokideen nahiz Udalaren laguntzaz sarea garatu. Supernodoa jartzea, gainera, oso erraza da, ez da telefonia errepikagailu handi horietako bat. Proiektu soziala izanik, oso era errazean jartzeko moduan pentsatua eta egina dago.