Udazkeneko jazza

Udazkeneko jazza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udazkeneko-jazza/@@download/image/365_jazz_bilbao_1380876118.jpg
2013/10/04
berria
365 Jazz Bilbao urte osoko zirkuituak udazkeneko denboraldia hasi berri du. Hain zuzen, Cleveland Watkiss Quartet laukoteak urriaren 4an, ostirala, eskainiko du kontzertua, eta larunbatean Medeski, Martin & Wooden txanda helduko da.


Jazz musika entzungai da urte osoan zehar Bilbon, eta beronen zaleek nazioarteko artista onduak eta bertako musikari bikainak barneratzen dituen emanaldi zerrenda amaigabeaz gozatzeko aukera dute duela sei urtetik 365 Jazz Bilbao zirkuituari esker. Ez hori bakarrik: rocka, hip hopa, bluesa, musika klasikoa eta mundu osoko doinuak ere jazzarekin fusionatzen dituzte emanaldiotan, eta estilo nahasketa dute oinarri emankizunok.

Aurtengo denboraldiari dagokionez, hamaika kontzertu eskaini dituzte dagoeneko Campos Eliseos Antzokian, Hesperia, Silken eta NH hoteletan, eta Guggenheim museoko auditorioan, baina udazkeneko denboraldia sorpresaz beterik iritsiko da; urte amaierara bitarte bederatzi emanaldi eskainiko baitituzte.

Lehena urriaren 4koa izango da, ostirala. Cleveland Watkiss Londresko abeslaria buru duen laukotea Bilboko Elkarte Filarmonikoan ariko da 20:00etatik aurrera. Erresuma Batuan hainbat sari jasotakoa da Watkiss, eta mundu osoko artista eta orkestrekin kantatu du. Azaroaren 5ean, asteartea, aldiz, Medeski, Martin & Wood hiruko estatubatuarraren txanda izango da, 20:00etatik aurrera baita ere, Campos Eliseos Antzokian. Gazteen artean jazz musika zabaltzea lortu dute beren sorterrian.

Eta gainera…
Halaber, bi aste barru, urriaren 18 eta 19an, Gonzalo Tejada Quartet laukote euskalduna NH Hotelean izango da, 23:00etan, eta azaroaren 1 eta 2an SACRATIF Trio hiruko bilbotarra Indautxu Hotelean, 23:00etan baita ere. Avishai Cohen kontrabaxu jotzaile eta abeslaria azaroaren 21ean helduko da Elkarte Filarmonikora, eta zikloari amaiera emateko, Jeronimo Martin piano jolea buru duen seikoak Hesperia Hotelean eskainiko du kontzertua azaroaren 29 eta 30ean, ostirala eta larunbata, gaueko 23:00etan.