Udazkena kulturaz blai Gasteizko Oihanederren

Udazken honetan Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxera hurbiltzen direnei kultura oparitzeko asmoa dute. Bihartik abenduaren 23ra mota askotako jarduerak antolatu dituzte publiko ezberdina euskal kulturara erakartzeko asmotan: kontzertuak, antzezlanak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, familia jarduerak, ikuskizunak, filmak, deialdiak…
Bihar, asteartea, Hirugarren emaztea film vietnamdarra ikusteko aukera izango dute kulturzaleek, 19:00etan, euskaraz azpititulatua. Film eta dokumentalen artean honako hauek ere eskainiko dituzte udazkenean: Loving Vincent, Nevia, Red Bay, Margolan bat oparitzen didazu, eta Agur esatea.
Leire Etxezarreta arrasatearrak zabalduko du ostegunean, 19:30ean, Egin Leku! deialdiko kontzertu sorta. Musika emanaldi gehiago ere izango dira datozen asteetan, hala nola Keu Agirretxea, Abereh eta Alaitz Artola.
Ogiak hizketan baleki antzerki performatiboa ere izango da, Mamiak kolektiboaren eskutik. Bestelako ikuskizunez ere jantziko dute egitaraua: Mikel Ayllon eta Piszifaktoriaren Zoriontsuak izatea erabaki genuen, eta Iñigo Astiz eta Jon Basagurenen Oraindik, orain eta oraingoz.
Bestetik, Oporklik! argazki-hizki lehiaketako lan irabazleekin erakusketa egingo dute eta bestelako lehiaketak ere izango dira: Hizki laburren lehiaketa eta liburuen eta diskoen zozketak sare sozialetan. Horrekin batera, hainbat deialdi egingo dituzte kultura eta sormena sustatzeko.
Bestelako jardueren artean, berriz, mintzodromoa, lapbook eta kustomizazio tailerrak, munduko jolasak, liburu aurkezpenak eta ipuin kontaketa egingo dira. Agenda osoa webgunean kontsulta daiteke.
Jarduerak doakoak izanik ere,Hezi-Ola ez beste guztiak, gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta edota Bibe plataformaren bidez eskuratuta. Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dira gonbidapenak eskuragarri.