Udazken koloretan

Udazken koloretan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udazken-koloretan/@@download/image/2009124849Maddalen_Arzallus.jpg
2009/12/04
erreportajea
Maddalen Arzallus


Ez zait ikastolara joatea gustatzen. Ez ikastea gustuko ez dudalako, nire lagunei gustatzen ez zaielako baizik. Ni pozik egoten naiz biderketak eta zatiketak egiten, ipuinak idazten, olerkiak ikasten... baina umeok besteek egiten dutena egiten dugu, eta horregatik, ez zait ikastolara joatea gustatzen.

Ikastolatik etxera itzultzea bai ordea. Beste denak korrika hasten dira, arnasestuka eta izerditan, nor lehenago iritsiko. Nik hasieran irribarrez begiratzen diet eta gero nire munduan murgiltzen naiz egunero; eta ia ohartzerako ama ikusten dut muturren aurrean. Txokolatezko ogitartekoa hartu, eskaini eta esaten dit: "Azouz, gaur ere azkena."

Baina gaur, oraindik 7 minutu geratzen zaizkit etxeko atarira iristeko; beste bizpahiru bidegurutze eta etorbide bat. Uste dut, hala ere, normalean baino denbora gehiago beharko dudala. Izan ere, udazkena hasi zenetik hostorik gabe geratu diren zuhaitzei begira geratzen naiz bidean. Ez al dute hotzik pasatzen? Nire ustez bai, ni udazkenean biluzik jartzen naizenean hoztu egiten bainaiz; baina aitak esaten dit ezetz. Nire aitak asko daki, baina oraingoan ez dut uste arrazoirik duenik. Nik egunero aztertzen ditut zuhaitzak. Hostoak dauzkatenean haizearekin dantzan ibiltzen dira baina biluzik geratzen direnean haizeak dar-dar eginarazten diela ikusten dut.

Haritz baten azpian geratu, ikastolako motxila ireki, eta lurreko hosto zimurtuak sartu ditut barruan liburu eta kromo artean. Ez dira zuhaitzentzako, nire amonarentzat baizik. Amona Aljerian jaio zen, eta beti galdetzen dit: "Azouz, gogoratzen al duzu Aljeria?" Eta nik beti erantzuten diot ezetz, ni hemen jaio nintzela, eta ez naizela inoiz han egon, eta ezinezkoa dela ezertaz oroitzea. "Ba niri gehien gustatzen zaidan urtaroa udazkena da –esaten dit gero– hostoak erortzen direlako, eta koloreak horitzen eta gorritzen direlako. Eta han ez nuen holako aldaketarik ezagutu. Horregatik gustatzen zait udazkena."

Bada hilabete amona gaixorik dagoela ohean, etxetik atera ezinik. Horregatik bete dut ikastolako motxila hostoz, etxera heltzen naizenean beregana joan eta bere ohea estaltzeko. Agian horregatik gaixotu da, zuhaitzak bezala, hostorik gabe geratu eta hoztu egin delako.