Udane Juaristi: "Ez dut marretatik ateratzeko beldurrik"

Udane Juaristi: "Ez dut marretatik ateratzeko beldurrik" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udane-juaristi-ez-dut-marretatik-ateratzeko-beldurrik/@@download/image/gaztezulo_udane_1472715646.jpg
2016/09/01
elkarrizketa
Testua: Ane Urrutikoetxea @aneurruti - Argazkiak: Galder Izagirre
Behar duelako margotzen du Udane Juaristik (Azkoitia, 1985); ez du ezer adierazteko asmorik, barrua hustu baizik. Argazkietatik abiatuta, collage bidez egindako obra koloretsuak sortzen ditu. Amets eta bidaien fruitu dira bere lanetako protagonistak, gehienetan, ezagunak egiten zaizkigun hiri-paisaiak. Azkoitiko tailerrean egin digu harrera, bere obretan islatzen duen alaitasun berberaz.


Arte Ederrak ikasi zenituen EHUn; bertan friki talderen batean ibili al zinen?
Egia da Arte Ederretako ikasle askok itxura xelebrea zutela, baina gure taldea nahiko normala zela uste dut! -Irriak-. Dena den, karrera horretan sartzeak txip aldaketa eskatzen du. Lehen egunean, eskultura irakaslea lokarri eta burdin baten arteko loturaz hitz egiten hasi zenean konturatu nintzen beharrezkoa zela neure burua xelebrekeria horietan murgiltzea, beste modu batera pentsatzen hasi behar nuela.

Collagea da zure lanaren oinarria; ze material erabiltzen dituzu?
Argazkietatik abiatzen ditut nire lanak; argazkien fotokopiak erabiltzen ditut collageak sortzeko. Bestelako efektuak ere bilatzen ditut teknika ezberdinen bidez, hala nola, transfera edo beste materialak erabilita. Fotokopia horiekin batera pintura akrilikoa, arkatzak, margoak, pastelak… material nahiko xumeez baliatzen naiz. Azkenaldian, bolumena emateko egur pusketak, Legoko piezak edota plastiko zatiak sartzen hasi naiz.



Kolore biziko lanak sortzen dituzu; garrantzitsuak al dira koloreak zure lanean? Nola aukeratzen dituzu?
Egia da oso alaia naizela, baina urtetan asko aldatu ditut koloreak. Unibertsitatean nengoenean kolore ilunekin margotzen nuen, eta irudi aldetik, aurpegirik gabeko pertsonaiak marrazten nituen; beldur bat sumatu daiteke lan horietan, estiloa guztiz kontrolatzen ez nuen garaia baitzen. Ondoren urdina asko erabiltzen nuen denboraldi bat igaro nuen. Eta egun, arrosa eta fosforitoak nagusitzen dira. Auskalo hemendik urte batzuetara zeintzuk izango diren nire kolore gogokoenak!

Behin edo behin aipatu duzu Euskal Herrian kaleko arte gutxi dugula; klasikoegiak edo txukunegiak ote gara?
Ez zait iruditzen Euskal Herrian grafiteroen mugimendu handirik dagoenik. Beasainen edo Tolosan adibidez aurkitu daitezke grafitiak, baina orokorrean nahiko txukunak eta zuzenak garela uste dut. Hainbat taberna hasi dira bestelako dekorazioa lantzen, elkarren artean antzekoak ez diren aulkiak jarriz, paletak eta birziklatutako materialak erabiliz… baina gehienek berritasun itxura lehenesten dute. Niri, aldiz, zahartasuna ere polita iruditzen zait.

Udane Juaristiren elkarrizketa osorik irakurri nahi?



Gustatu al zaizu Udane Juaristik kontatu diguna? Bitxikeria mordoa partekatu du margolariak gurekin! Gehiago irakurtzeko gogoekin gelditu bazara, dagoeneko kioskoetan salgai dagoen 176. alean aurkituko dituzu galdera hauen erantzunak:

- Etxe inguruan duzun baso eta mendilerro berdeaz inguratuta, nolatan dira zure margoak horren hiritarrak?

- Zein unetan hasten gara txikitako berezko sormen hori galtzen?

- Zaila egiten al zaizu zure lanari prezioa jartzea?

- Muralak margotzearekin batera grafitien zailea bazara. Zerk erakartzen dizu 'street art' mugimenduaz?