Furgonetan lo egiteko Euskal Herriko doako aparkalekuak
Furgonetan bidaiatzeko ohitura baduzu eta Euskal Herriko txokoak ezagutzea gustatzen bazaizu, ziur asko erabilgarria irudituko zaizu furgonetarekin lo egiteko ordaindu behar ez den tokien inguruko informazioa.
Uda ate-joka dugu, egun eguzkitsuak ere izaten dira tartean, eta halakoetan bazterrak ikusi eta naturaz gozatzeko gogoa sortzen zaigu. Euskal Herrian txoko eder ugari daude eta furgoneta zaleok irteeeraren bat egiteko asmoa izango duzue ziur asko. Bada, hori kontuan izanda, EH Furgo-ko lagunengana jo dugu, gaua furgonetan igarotzeko doako zenbait guneren inguruko informazio eske.
ARABA
- Eltziego. EH Furgoren arabera, "Euskal Herriko gune onenetakoa" da eta doakoa da gainera. Herrigunetik 350 metrora dago. Hori bai, bi euro ordaindu behar dira zerbitzuen, uraren eta argiaren, truke. Horretarako fitxak tabernetan saltzen dituzte.
- Gesaltza Añana. Aparkaleku "polita" dela nabarmendu digute. Hiruzpalau plaza ofizial daude, baina gehiago ere egoten dira, eta doakoa da.

BIZKAIA
- Lekeitio. Herrigunetik 800 metrora dago, eta dezenteko aldapa du aparkalekuak. Doakoa da baina ura hustu eta betetzea hiru euro kostatzen da. Fitxak turismo bulegoan hartu behar izaten dira. 15 leku daude ofizialki, baina gehiago ere kabitzen dira.
- Zeanuri. Barrualdean, Arratiako bailaran kokatutako Zeanurin dago doako gunea. Txikia da, baina "egokia" dela esan digute EH Furgokoek.

GIPUZKOA
- Oñati. Paraje ederrean kokatuta dago, herrigunetik 600 bat metrora, eta 18 plaza ditu. Oso gune egokia dela adierazi du EH Furgok. Urak hustu eta betetzeko gunea, komunak eta askaldegia dago. Argindarra hiru euro kostatzen da, eta fitxak turismo bulegoan eta udaltzaingoan lor daitezke.
- Zegama. "Txikia baina egokia" dela nabarmendu digute. Herrigunetik 200 metrora dago, Anduetza museo eta parketxearen ondoan, eta igogailua du. Ura hustu eta betetzeko gunea, askaldegia eta jolastokia dago. Doakoa da eta argindarra hiru euro kostatzen da. Fitxak Anduetzan eskura daitezke.

Kostaldean Zumaian ere badela aipatu digute, baina industrialdean kokatuta dagoela.
NAFARROA
- Izaba. Herrigunetik 200 metrora dago. Doakoa da eta ura betetzea bi euro kostatzen da. Urak hustu eta betetzeko gunea eta askaldegia daude. Hamabost plaza ditu. Erronkarin ere bada doako aparkalekua.
LAPURDI
- Ainhoa. EH Furgokoek esan digutenez, "kostaldean ordainpekoak izaten dira eta hondartzetako aparkaleku gehienak 1.80ko altuera muga izaten dute. Hori dela eta, furgoneta txikiak bai, baina Camperrak eta autokarabanak ezin izaten dira sartu". Barrualdean aukera handiagoa denez, Ainhoa aholkatu digute, "gune polita" dagoelako.

NAFARROA BEHEREA
- Donapaleu. "Herri polita izateaz gain, aparkaleku zabala eta doakoa" duela azaldu digute. Bastida herrian ere doako aparkalekua dagoela aipatu digute.

ZUBEROA
- Atharratze. Doako aparkalekua du herriaren gainaldean, suhiltzaileen ondoan, plazatik gertu. Gainera, herri eder hau bisitatzeko aukera izango duzu.


