Udan, arriskuak gutxituz, gehiago gozatu

Udan, arriskuak gutxituz, gehiago gozatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udan-arriskuak-gutxituz-gehiago-gozatu/@@download/image/drogak1_1435312844.jpg
2015/07/13
erreportajea
TESTUA: Leire Altuna. Ai Laket!! elkartea @Ailaket
Asko dira udako oporraldian murgiltzear izango direnak: hondartza, mendia, herrialde exotikoak…  Hainbat plan, gustu guztietarakoak. Tartean, izango dira Euskal Herriko plazak festaz festa ezagutzeko gogoz daudenak.


Ohitura da drogek protagonismo handiagoa berenganatzea uda garaian. Komunikabideetan erabilera arriskutsuei lotutako hainbat berri ikusten ditugu urtero: intoxikazioak, istripuak, merkatu beltzeko iruzurrak…  Edota, zenbaitetan, positibotzat hartzen ditugun drogen erabilerari lotutako berriak ere bai, adibidez, tabernetako salmenta igoerak. Jakina da drogek gozamena eragiteaz gain arriskuak ere badituztela. Beraz, uda honetan drogak erabiltzeko asmoa baduzu, arriskuak ahal den neurrian gutxitzeko eta gozamena areagotzeko, jarraitu ondoko gomendioak:

– Ongi informatu. Substantzia bat kontsumitzea erabaki baduzu, aurretik ezaugarriak eta efektuak ezagutzea ezinbestekoa da arriskuaren eta gozamenen kudeaketa egokia egiteko. Horretarako erabili itzazu informazio iturri fidagarriak eta analisi zerbitzuak.

– Planifikatu. Aurretik festa planifikatzeak arriskua ekiditen lagunduko dizu: etxera bueltatzeko ordua eta modua, kontsumituko duzuna eta kantitatea, gastatuko duzun dirua… Ezar iezazkioziu mugak zeure buruari.

– Pixkanaka kontsumitu.
Ez da txapelketa. Pertsona bakoitzak ezaugarri eta erritmo propioak ditu. Dosifikatu!

– Ondo elikatu eta hidratatu zure burua: ura edota alkoholik gabeko edariak erabili.

– Kontsumitzekotan, konfiantzazko pertsonez inguratu eta ez kontsumitu bakardadean.

– Kontsumitu baduzu ez gidatu eta ez burutu arreta berezia eskatzen duen ekintzarik.

– Atzerrira bazoaz, kontutan hartu drogen inguruko legeak asko aldatzen direla herrialde batetik bestera, eta, ondorioz, drogak kontsumitzeagatik ezagutzen ez dituzun arauak urratu eta zigorua izateko arrisku handiagoa duzu. Informatu!

– Ligatuz gero, kondoia erabili. Drogen eraginpean arrisku pertzepzioak behera egin dezake, baina sexu gaixotasunak transmititzeko edota haurdun gelditzeko aukerak berberak dira.

– Haurdun edo hazteko adinean bazaude, edota gaixotasun kardiobaskularrik, neurologikorik edo psikiatrikorik baduzu, ez kontsumitu.

– Gogoratu, arriskurik ez duen kontsumo bakarra egiten ez dena da. Bila itzazu kontsumorik gabeko aisialdi espazioak, aniztasunean baitago aberastasuna.

– Kontsumitzeko erabakia eta ardura zurea da. Zuk zeuk erabaki!

Gomendio horiek jarraituz gero, egon daitezkeen arriskuetako asko gutxituko dituzu eta gozamena areagotu. Gozatu ezazu udaz zentzuz eta arduraz!