Udaberria ekintzaz jantziko dute Gasteizko Oihanederren

Udaberria ekintzaz jantziko dute Gasteizko Oihanederren Ikuskizunak, erakusketa, kontzertua, eta familientzako sormen lantegia izango dira, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udaberria-ekintzaz-jantziko-dute-gasteizko-oihanederren/@@download/image/SLIDER-UDABERRIA-2022_825x4312-e1648195833648.jpg
2022/03/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ikuskizunak, erakusketa, kontzertua, eta familientzako sormen lantegia izango dira, besteak beste.
Udaberria ekintzaz jantziko dute Gasteizko Oihanederren

Gasteizko Oihaneder euskararen etxeak hainbat jarduera iragarri ditu udaberrirako, apirilaren 3tik ekainaren 30era, publiko ezberdinak euskal kulturara erakartzeko asmoz. "Udaberrian sartu gara, baina tamalez, negu gorria da munduko txoko askotan. Oihanederren kultura sustatu nahi dugu ankerkeria horien antidoto gisa", azaldu dute. 

Korrika kulturalaren barruan, eRRe, aldarri bat bertsoz ikuskizuna eskainiko da apirilaren 3an. Bertsolaritza, antzerkia, musika eta poesia uztartzen ditu emanaldiak. 

Maiatzean Sastraka erakusketa ibiltaria iritsiko da euskararen etxera, Iruñeko Ziudadelatik. Esparru ezberdinetako lau sortzailek osatutako sormen lana da Sastraka. Jose Ignacio Agorretaren koadroek, Pello Lizarralderen idatziek, Imanol Ubedak Don Inorrez taldearekin grabatutako abestiek, eta Imanol Rayoren ikus-entzunezko pieza artistikoek osatzen dute erakusketa. Gainera, Don Inorrez taldeak kontzertua eskainiko du maiatzaren 8an. Poetak Maiatzean jaialdiaren X. urteurrenaren baitan, bi ikuskizun ere eskainiko dira.

Filmazpit, Egin Leku!, Begi Belarri, Saski Naski, Eskilarapeko soinuak eta Eragiteko janzten zikloak ere izango dira, eta Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiaren lan irabazleak ere aurkeztuko dira. Kortxeak & Krispetak jaialdia ere egingo dute, musikari lotutako ikus-entzunezkoak eta Falerina lorategian eskainiko den kontzertua ardatz dituena.

Jarduerak doakoak izango dira, baina gonbidapenak aurrez eskuratu beharko dira, oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita, telefonoz eskatuta, edota BIBE plataformaren bidez. Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dira gonbidapenak eskuragarri.

Familientzako sormen lantegiak
Etxeko txikienei eta gaztetxoei zuzendutako Dona Dona Katona egitasmoaren edizio berria ere jarriko dute martxan datorren hilean. Hiru lantegi antolatuko dira, familia giroan euskararen erabilera sustatzeko guneak eskaintze aldera. 

Apirileko, maiatzeko eta ekaineko ostiral banatan izango dira lantegiak, 17:30etatik 19:00etara. Apirileko eta ekaineko lantegiak 6 eta 8 urte bitartekoentzat izango dira, eta maiatzekoa, berriz, 8 eta 10 urte bitartekoentzat. Apirilaren 8an Udaberri birziklatua izeneko tailerra egingo dute, eta naturaren baliabideak erabilita, udaberriko elementu ezberdinak sortuko dituzte. Maiatzaren 20an, udaberriko koloreak erabilita, poltsak eta arropak apaintzeko saioa izango da, Poltsak eta arropak kolorez jantzi! izenburupean.  Azkenik, ekainaren 17an, eguzkilorea nola sortu ikasiko dute Eguzki loreak eta San Juan sua tailerrean. 

Hiru lantegiak Gela horia-ko kideek dinamizatuko dituzte. Gela horia, 2020ko abenduan ireki zen sormen-gunea da, eta adin desberdinetakoei bideratutako ekintzak gauzatzen dituzte astero.

Doako izango dira hiru saioak, baina parte-hartzaile kopurua mugatua izango denez, izena eman beharko da aurrez. Bi aste lehenago irekiko da izen-ematea Oihanederren webgunean.