Udaberria dakar Loraldiak

Hastear da LORALDIA, eta harekin batera, euskal kulturaz gozatzeko hilabete osoa izango duzu Bilbon. Udaberriaren atarian, hogeita hamar ikuskizun inguru, bi ekoizpen propio eta 150 artista ekarriko ditu Bilbora Loraldia jaialdiaren 3. edizioak. Hona hemen ikusi dezakezunaren laburpen bat!
Lorca Pabiloi 6ko Gazte Konpainiaren eskutik
García Lorca, Buñuel eta Dalí artistek eraman zuten surrealismoa azken mugaraino. Sortzaile hauen lana abiapuntua harturik, teatro lan bat osatu du Felipe Lozak: Aborigenak. Federico García Lorcaren lan poetiko eta dramatikoaren collage. Pabellón 6 espazioaren ekoizpena da eta euskarazko bertsioa Loraldiarekin elkarlanean plazaratuko da martxoaren 10ean, 11n eta 12an.
“Euskadi” 1936an egindako 3Dko filmaren aurkikuntza
Loraldia Festibalak eta UPV/EHUk gure lurraldeari buruzko 3Dko lehenengo filmaren aurkikuntza aurkeztu dute. “Euskadi” filma René Le Hennaff-ek zuzendu zuen 1936an, zinematografoaren asmatzaile Louis Lumièrek garaian garatu zuen teknika baten bidez.
‘Euskadi’ ez da soilik Euskal Herriari buruzko lehenengo 3Dko filma, baizik eta garai hartan teknika hori erabiliz egindako bakarretako filma ere bada. Izan ere, Lumièreren azken asmakizunak ez zuen arrakastarik lortu eta berehala baztertu zen. Behin telezineatuta, doikuntza txiki batzuk eginda, garaian ikusten zuten bezala ikus dezakegu orain, 3 dimentsiotan, betaurreko anaglifoen laguntzaz. Horixe baitzen Louis Lumière-ren erliebeko zinemaren sistemaren oinarria.
‘Euskadi’ 1937ko apirilean estreinatu zen, Pariseko Olympia teatro famatuan. Zinema munduko hainbat pertsonalitate izan ziren estreinaldian, tartean Lumière bera, eta kritika onak izan zituen. Alta, gero, oso gutxi zabaldu zen filma, oso areto gutxik zeukatelako erliebeko zinema proiektatzeko makinaria.
Josu Martinez ikerlariak Pariseko Pathé Gaumont ekoiztetxearen inbentarioetan topatu zuen erreferentzia, baina pelikula originala, nitratozko kopia, CNC-n, (Centre National de Cinématographie) gordetzen zuten.
Loraldia Festibalak film historiko honen proiekzio hauek antolatu ditu:
● Martxoak 11: Iruñea. Punto de Vista Zinemaldia.
● Martxoak 15: Bilbo. Azkuna Zentroa. 19:30. Loraldia Festibala. Josu Martinezek aurkeztua.
● Martxoak 23: Donostia. Tabakalera (Euskal Filmotekarekin elkarlanean)
● Martxoak 24: Baiona. Atalante zine-aretoa (Institut Culturel Basque EKE-ICB-rekin elkarlanean)
Ez dok Hiruk euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko gaitu
Ez Dok Hiru” eszenatokietara itzuli da, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskaintzeko. Eta proposamen teatral berria, Euskal musikaren benetako istorioa izenburuduna, Arriaga Antzokian estreinatuko dute datorren astean, martxoaren 7an eta 8an, Loraldia festibalari hasiera ematen. Publiko helduari zuzendutako antzezlana da, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak sortu ditu testuak eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, zuzenean antzezteko duten estilo paregabearekin defendatuko dute taula gainean.
Oraingo honetan, bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du eskenatokia, hitzari, bere ohiko tresna eszenikoari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik. Zeregin horretan ariko dira, hain zuzen, Adrián García de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Iván Allue. Eta guztia zuzentzeko lanetan, nor eta Jokin Oregi, bere ohiko maisutasuna erakutsiz.
Egin zaitez Lorazaina
Loraldia 2017 Festibaleko sarrerak merkeago erosteko aukera aprobetxa ezazu. Egin zaitez Lorazaina eta epe hauetan deskontuekin erosi ahal izango dituzu aldez aurretiko sarrerak:
-Martxoaren 8 eta 19 bitartean egiten diren ikuskizunak: martxoaren 2ra arte
-Martxoaren 20 eta 31 bitartean egiten diren ikuskizunak: martxoaren 14ra arte
– Apirilaren 1etik aurrera antzezten diren ikuskizunak: Martxoak 26ra arte. Es
Behin epe hauek bukatuta, sarrerek salgai jarraituko dute dagokien aretoko leihatilan, baina prezio orokorrean. Gogoratu: debaldeko ikuskizunetara sartzeko beharrezkoa da baita ere leihatilatik pasatu. Lorazainak direnek preferentzia izango dute gonbidapenak erreserbatzeko orduan.
‘Txoriak’ ikusteko zozketa
Beste alde batetik, datorren astean Lorazaina direnen arteko lehenengo zozketa burutuko dugu: Dantzaz konpainiaren ‘Txoriak’ ikuskizuna ikusteko sei sarrera bikoitza. Emanaldi hau Mikel Laboari omenaldi ikusgarri bat da eta martxoaren 12an, igandean, taularatuko da Guggenheim Bilbao Museoan, 12:30etan.
Oraindik Lorazaina ez bazara, egin zaitez hemen. Dohainik da.