Udaberria aurreratu zuen bikote beroa

Udaberria aurreratu zuen bikote beroa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/udaberria-aurreratu-zuen-bikote-beroa/@@download/image/77p68bonnieandc_1363897537.jpg
2007/09/07
erreportajea
Gontzal Agote
Udaberria aurreratu zuen bikote beroa
Izenburua: Bonnie and Clyde (1967)
Zuzendaria: Arthur Penn
Aktoreak: Warren Beaty, Faye Dunaway, Gene Hackman.

Lehenengo minutuetan arnasa ezin hartuz ibiliko gara: Faye Dunaway, biluzik hasieran, erdi biluzik jarraian, han-hemenka mugituko da, gelatik leihora, leihotik karrikara, pantailaren bazter guztiak sentsualitatez bustita utzita. Filma aztertu zuten zentsoreek aktoreak inongo arroparik ez zuela  baieztatu zuten, eta horregatik debekatu nahi izan zuten; alferrik, zorionez.

1967. urtea zen. Pariseko maiatza oraindik lehertu gabe zegoen. Baina ordurako gizartean zebilen haize berria zinemagintza ere astintzen hasi zen. Hollywoodeko bihurri batek eman zuen danbatekoa; Warren Beaty aspertuta zegoen playboy-aren rola jokatzeaz, zinemagile handia bihurtzea izan da bere betiko obsesioa.

Horrexegatik, gidoia irakurri zuenean, istorioa berea zela erabaki zuen. Oraindik, fresko zegoen Jean-Luc Godardek eta bere A bout de souffle-k eragindako iraultza, eta Beatyk AEBetako lurraldeetara eraman nahi zuen gaizkileren baten poetika. Ekoizle lana bereganatuta, Godarden lagun bati eskaini zion filma zuzentzea: François Truffauti. Frantziarrak beste asmo batzuk zituen, ordea. Azkenean, indarkeria oso ongi ezagutzen duen zuzendari batengana iritsi zen filma: Arthur Penn.

Ongia eta gaizkia

Salbuespenak salbuespen, ordura arte, ongiaren eta gaizkiaren lurraldeak oso ongi mugatuta zeuden Hollywoodeko ekoizpen gehienetan; poliziak eta gisakoak onak ziren eta legez kanpo zeudenak, gaiztoak. Zer esanik ez westernean. Baina Bonnie and Clydek James Cagneyk irekitatiko zirrikitua zabaldu zuen guztiz. Handik aurrera —Ronald Reaganek eta Stallonek Rambo sortu arte—, estatubatuarrentzat ez zen horren garbi izan zein pertsonaia miretsi behar zuten. Eskizofrenia hori gainditzeke dute oraindik.

Bortitzak eta gupidagabeak izan arren, Bonnie Parker eta Clyde Carrow maitagarriak ere badira; ikusleak ulertzen ahal du zergatik jokatzen duten horrela, eta tiro egiten dietenean pena sentitzen du. Halaber, ez da batere zaila bien arteko sexu jokoekin identifikatzea, ezta Clyderen arazoekin ere.

1968ko udaberria ailegatu zenerako, hainbat iraultza txiki ziren gertatuak: bortizkeriari begiratzeko modu berria zuen zinemagintzak —Tarantinoren zain egon gabe—, Bonnieren boneta emakume bohemioen ikur bihurtu >zuten paristarrek eta Serge Gainsbourgek bikoteari kanta polita egin zion, Brigitte Bardot izeneko gazte lotsagabe batek kanta zezan.