Uda kultur ekitaldiz jantziko du Tolosak
Uztailaren 5etik irailaren 29ra bitarte musika, antzerkia, dantza, literatura, zinea edota haurrentzako ekintzak izango dira Tolosan, gehienak kalean, kulturaz plazan gozatze aldera.
Hiru nobedade nagusi iragarri dituzte. Lehena, Kultura Plazara jaialdiaren data eta lekua aldatuko direla, irailaren amaieran ospatuko baita aurten, Zumardiaundian. Bigarrena, K Zinea ere izango dela Leidor Aretoan, eta ia astero proiekzio bana eskainiko dela igande eta astelehenetan. Hirugarrena, haurrentzako ekintzak antolatu direla, herriko ludotekekin batera.
Uztailaren 5ean Trapu Zaharra taldearen Dale Ramón! antzezlana izango da, Sergio Arrospide eta Santi Ugalderekin. Sara Azurzak eta taldeak kontzertua emango dute uztailaren 12an, 22:30ean, Plaza Zaharrean. Tolosako Udal Musika Banda arituko da uztailaren 19an,20:00etan, Lopez-Mendizabal pasealekuan. Burbuila magikoak ikuskizuna ere izango da uztailaren 25ean. Xaboi burbuilak musikaren erritmora aireratuko dira bertan.

Matis Sagrerasen organo kontzertua izango da abuztuan, eta baita Welcome & Sorry antzezlana, eta The Donkey Riders. Jon Aira, Martí Elías eta Iker Pirisen emanaldia ere.
Iraila ekintzaz josia izango da. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen Ztandap binakako elkarrizketa izango da irailaren 1ean, Aldaban. Grimm Anaien Parkea familia ikuskizuna eta Kalakan taldearen kontzertua ere izango dira irailaren 7an eta 14an.

Ondoren, irailaren 27tik 29ra, izango da Kultura Plazara jaialdia. Lehen egunean, Amaia Elizaran eta Neønymus-en dantza ikuskizuna eta Janus Lester eta Belakoren kontzertuak izango dira. Bigarrenean, Alurr dantza, eta Mikel Urdangarin eta Mugan taldearen kontzertua. Azkenik, irailaren 29an, Tolosaldeko sortzaileen azoka egingo dute eta askotariko produktuak izango dira bertan: artea, arropa, serigrafia, pintura, bitxiak… Bertan parte hartzeko izen-ematea uztailaren 15era arte dago zabalik, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.
Zineari dagokionez, honako film hauek emango dituzte uztailean: Inside Out 2; An American Saga; eta Gru 4. Mi Villano favorito. Abuztuan, berriz, hauek proiektatuko dituzte: Padre no hay más que uno 4: campanas de boda; Vidas perfectas, eta Odio el verano.

