Uda gauak Kutxa Kultur Plazan

Uda gauak Kutxa Kultur Plazan Kontzertuak, antzezlanak, dantza emanaldiak, hitzaldiak... zein da zure plana? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uda-gauak-kutxa-kultur-plazan/@@download/image/tabakalera_taulara.jpg
2019/06/17
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Kontzertuak, antzezlanak, dantza emanaldiak, hitzaldiak... zein da zure plana?
Uda gauak Kutxa Kultur Plazan

Uda ate joka dugu, eta Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazak gau giroak animatuko ditu hemendik irailaren 14ra bitarte. Denetik esakiniko dute; kontzertuak, antzezlanak, dantza, hitzaldiak... guztia, aire librean eta gauez.

Programaren barruan ariko diren musika talde eta bakarlarien artean daude, besteak beste, Filipe Court Band, Silence, The Lucilles, Iker Lauroba, Sunset Reggae Revolutionary Brothers, Dama Beltzak, Latitud 43, Ras Miguel & Tafari eta Ghau. DJ saioak ere izango dira, baita Disko Festa ere, Oihan Vegaren eskutik.

Hain zuzen, #Izanezberdin izeneko programako ekitaldietako bat izango da Disko Festa. Kutxa Kultur Gauen barruan, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat pentsatutako sei ekitaldi bildu dituzte. Disko Festaz gain, Instagrami eta Youtuberi buruzko Marina Yersen eta Andrea Comptonen hitzaldiak, Comedy Beatbox kontzertua, manga tailer bat, eta DJ saio eta tailer bana egingo dituzte nerabeei begirako programan.

Dantzari dagokionez, Xian Martinezen, Miren Lizeagaren eta Agus Martinezen, Eva Guerreroren, Joana Olasagasti eta Xavi Gonzalezen, Arantza Iglesiasen eta Mug Mus laborategiaren emanaldiak izango dira ikusgai, baita Dantz Festival jaialdia ere. Eta antzerkiari dagokionez, Bocabeats Kabenzotz (ele bitan), Mujer vasca soltera busca (gazteleraz), Anarkia relacional (gazteleraz) eta umorezko antzerkia (euskaraz) programatu dituzte.

Bestalde, Kutxa Kultur Plana izeneko proposamena nabarmendu dute antolatzaileek. Ekainaren 28, 29 eta 30eko asteburuan egingo diren jarduerak bilduko ditu proposamenak. Horien artean daude Kaliforniako Zach Cordnerrek surfaren inguruan zabalduko duen Euskadifornia argazki erakusketa, Silence taldearen kontzertua, hemengo moda diseinatzaileen azoka, eta modari lotutako erakustaldi-desfileak, performanceak eta tailerrak.

Sarrerak doan izango dira, lekuak bete arte. Euria izanez gero, Kutxa Kultur Plazan izango dira jarduerak.