Uda eta drogak

Uda eta drogak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/uda-eta-drogak/@@download/image/drogak_144_1380790522.jpg
2013/10/07
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! elkartea.
Oporraldian gazte zein helduen droga erabilerak gora egiteko joera du, kontsumitutako substantziak edozein direla ere. Arrazoi nagusia denboraldi horretan aisialdi gehiagoz gozatzea da.


Jende gehienak droga kontsumorik altuena udako urtaroarekin lotzen du. Arrazoi nagusia udaroan oporraldiak hartzeko ohitura handia dugula da, aisialdiaz gozatzeko aukerarekin, eta euskal gizartean, aisialdian, droga kontsumo mota batzuk normaltzat ditugula.

Beste arrazoietako bat, Euskal Herriko jai herrikoiak izan daitezke, izan ere, jai horietan droga kontsumoa asko hazten da. Gainera, mota
horretako ospakizun gehienak udan izaten dira, hasieran aipatutako harremana sendotuz. Dena den, ez dugu ahaztu behar urtean zehar ere herri askotan jai herrikoiak ospatzen direla, eta horietaz gain badirela bestelako jai batzuk Euskal Herri osoan egiten direnak (inauteriak, Gabonak…).

Oro har, udako zein urteko beste garaietako ospakizunetan droga kontsumoaren inguruan gehiago hitz egiten da etxean, kalean zein hedabideetan. Gauzak horrela, ez da batere arraroa udan komunikabideen bidez drogekin erlazionatutako hainbat berri jasotzea. Horietako gehienak, ordea, erabat alarmistak dira, ia beti gaindosiei, liskarrei, istripuei zein inkautazioei buruzko albisteak izaten baitira. Bestelako berriak, aldiz, ikerketa arlokoak adibidez, baztertu egin ohi dira. Era berean, bitxia da udan hedabideetan errepide kontrolen inguruko berriei eskaintzen dieten tartea, hori drogen prebentzio edo arrisku murrizketa neurri egoki bakarra izango balitz bezala.

Bestalde, droga kontsumo handiena edota arriskutsuena nerabeei leporatzea ohikoa bada ere, helduen kontsumoari ondo erreparatuz gero, informazio argigarria aurki daiteke. Izan ere, datu ofizialek erakusten dutenez, egunero kontsumitzen duten pertsona gehienak helduak dira. Nerabe zein gazteek aldiz, noizbehinkako zein asteburuetako joera erakusten dute. Adibidez, Euskadi eta Drogak 2012 txostenaren datuei erreparatuz, 35 urtetik gorakoen %23k egunero kontsumitzen du alkohola, baina 35 urtetik beherakoetan %2k baino ez; eta asteburuei dagokienez, 35 urtetik gorakoen %24k kontsumitzen du alkohola asteburuetan eta 35 urtetik beherakoen %29k. Adin nagusiko pertsonek bakarrik gida dezaketela aintzat hartuta, alkoholemia kontroletan heldu gehiagok ematen dute positibo, eta abar.

Aurtengo udari begira, Ai Laket!!-en arabera gehien kontsumitu diren drogak legezko substantziak izan dira: alkohola eta tabakoa, aurreko urteetan bezala. Legez kanpoko drogen artean, 2013an gehien kontsumitu dena, beste behin ere, kalamua izan da (haxixa zein marihuana) zalantzarik gabe, eta horren atzetik gainerakoak: anfetamina, kokaina, MDMA, ketamina, eta abar. Datu horiek elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan zehar burututako 30 esku-hartze baino gehiagotatik atera dira. Esku-hartze horietatn, 6.000 pertsona baino gehiagori egin zaie harrera, eta gehienak gazteak izan dira. Testing programa horrekin, orain arte 450 substantzia aztertu dira aurten, eta kalamu laginak ugariak izan arren, nabarmentzekoa da anfetaminen erabilera. Substantzia horri dagokionez, bere aizunketaz ohartarazi du Ai Laket!!-ek, anfetamina edo speedak orokorrean kafeina portzentaia handiak erakusten dituelako. Bestelako aizuntzaileak ere aurkitzen dira, eta horietako batzuk kaltegarriak izan daitezke, azken urteetan lagin batzuetan topatu diren PMA edo 4MA kasu. Horretaz gain, anfetaminaren zein bestelako substantzien arriskuak murrizteko neurriak azaldu dituzte: hidratazioa, hodiak ez elkarbanatzea, higienea, dosifikazioa.

Izan ere, arriskuak murrizteko eta udaz gozatzeko ezinbestekoa da drogen kontsumo arduratsua. Horretarako badaude hainbat bide: informatzea, kontsumoa antolatzea, proposatutako helburuak betetzea…