Ubiquity: musika onaren bermea

Ubiquity: musika onaren bermea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ubiquity-musika-onaren-bermea/@@download/image/2p10-1
2012/12/13
elkarrizketa
Sound System
Estiloen gainetik musika ona maite dutenek kontutan eduki beharreko zigilua da Ubiquity. EEBBetako San Francisco hiria gotorleku duen arren, ia mundu kapitalista osora zabaltzea lortu du, eta hori katalogoan eskaintzen duen musikari esker izan da. Maila altuko musika elektronikoa, soula, funkia, hip-hopa eta latin-jazza maite dutenentzat.

Hamar urte bete dira Ubiquity disketxeak bere lehen diskoa kaleratu zuela. Denbora luze honetan zigilua handitu eta dagoeneko musika onaren maitaleentzat klasiko bilakatu diren talde, abeslari eta disko ugari kaleratu ditu. Disketxearen filosofia argia izan da hasieratik, "maite dugun musika kaleratu eta banatzen dugu soilik. Horregatik gure diskoekin gustura ez bazara geratzen, bai diskoak akatsak dituelako edota bertan jasotzen den musika gustukoa ez duzulako, diskoa itzuli eta beste batengatik ordezkatuko dizugu". Ubiquity-ren bermea da hori.
Hamar urte hauetan asko handitu da disketxea, eta dagoeneko hainbat azpizigilu ditu. Ubiquityk berak bereziki hip-hop eta dantza erritmoak kaleratzen ditu: esperimentaziorako musikek beraien txokoa dute hemen. CUBOP izeneko azpizigiluan, berriz, latin-jazz doinuak dira nagusi; disko berriak zein zaharren edizio berriak. Erritmo beroak.
LUV N´ HAIGHT izena du Ubiquity-ren beste altxorretako batek. Soul eta funk doinuei zuzendutako zigilua da honako hau, eta bertan genero hauetako disko ilunak, lortzeko zailak, eta oso edizio zahar bereziak berreskuratzen ditu. Beste azpizigilua bereziki DJ, ekoizle eta musika egileentzat zuzendutako adarra da; BREAKS & BEATS izenpean, zure musika egin dezazun oso lagungarri izango zaizkizun erritmoak eta soinu efektoak jasotzen dituen materialea plazaratzen duena.
Cookin ahaztu gabe, noski
Aparteko aipamena merezi du  COOKIN´ izeneko azpizigiluak. Bertan hip-hop eta jazzaren arteko uztarketa bilatu eta ederki lortu dute. Ez da berria estiloen nahasketa hau, baina COOKIN´-en oso emaitza eta soinu bitxia lortu dute. Batetik erritmo kaxak eta sanplerrak erabiltzen dira; bestetik, zuzeneko musikarien instrumentazioa nahasten da (Greyboy-ren baseak eta Karl Denson-en saxoa, edota The Rhythm Section taldearekin batera Jacko Peake-ren txirula eta saxoa, adibidez). Hauetako grabazio asko zuzeneko emanaldietan jasoak dira, horrek ematen dion bapatekotasun eta freskotasunarekin. Bikaina.