Txus Ruiz de Erentxun: "Gaizki banago, ez dut piragua hartzen"

Txus Ruiz de Erentxun: "Gaizki banago, ez dut piragua hartzen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txus-ruiz-de-erentxun-quotgaizki-banago-ez-dut-piragua-hartzenquot/@@download/image/70p47_1364249363.jpg
2007/01/05
elkarrizketa
Jon Odriozola
Txus Ruiz de Erentxun: "Gaizki banago, ez dut piragua hartzen"
Txus Ruiz de Erentxun 1970 urtean jaio zen Durangon. Txus ez da geldirik egotekoa, piraguarekin hamaika ur-lasterretan ibili ondoren, orain bidaiak antolatzen ditu Marokon, Nepalen, Indian eta Alpeetan: “raftinga, piraguismoa eta antzekoak egitea da bidaia horien funtsa; baina, bide batez, bestelako kulturak eta herriak ezagutzeko aprobetxatzen dugu”, diosku durangarrak. Piragua barrura sartu, eta elkarrizketa lasterra egin diogu Txusi.  

Noiztik zabiltza ur bihurrietan piraguismoa egiten?
Ni baino zaharragoa den anaia batekin hasi nintzen. Ermua eta Eibar artean bada zingiratxo bat, eta hor ekin nion. Ondoren, Laidako hondartzara joaten hasi nintzen.

Piraguismo eta goi-mendietako gida ere bazara.

Iaz atera nuen titulua, Benasquen. Denetarik egiten dut, egia esan.

Piraguismoan buru-belarri murgilduta bizi zara, beraz.
Erabat. 1990 urtean Murillo de Gallego ibaira joan nintzen, eta lagun batzuen artean, natur inguruetan kirola egiteko enpresa bat sortu genuen. Bere aisialdian piraguismoa, raftinga eta antzekoak egin nahi dituen jendeari zerbitzua eskaintzea zen helburua. Nirekin etortzeko, ez duzu piraguista ona izan behar: ikastarotxo bat egin, eta aurrera! Adibidez, inork Urdaibai inguruan ibili nahi badu, dei nazala. Udaberria oso urtaro aproposa da Urdaibaiko bazter eder horietan ibiltzeko.

1991n Costa Rica aldera joan zinen: oso gaztetxotan, ezta?   

Nire lehen bidaietako bat izan zen. Asko ikasi nuen, taldeko partaideak ni baino hamar urte zaharragoak zirelako.

Gaur egun, “Al filo de lo imposible” telesaiorentzat diharduzu. Noiztik?

Duela hamar urtetik hona ari naiz. Piraguismo munduan denok elkar ezagutzen dugu, eta urtetan pilatu dudan esperientzia ikusita, parte hartzeko hots egin zidaten.

Zer da errazagoa, zenbat ibai jaitsi dituzun galdetzea, edota zenbat jaitsi nahiko zenituzkeen galdetzea?

Kar, kar, kar… orain apurtxo bat geldituta nabil, baina. 1994etik hona ibai mordoa jaitsi dut: Marokon, Ugandan, Txilen... ibai piloa, eta oso politak, gainera. Zimbawera oso gazte joan nintzen lehen aldiz, eta hiru hilabete eder igaro ni-tuen. Piraguismoa egiteaz gain, herri hura ezagutu nuen. Garai hartan, udazkenera arte gida moduan lan egiten nuen, dirua aurrezten nuen, eta ondoren, bidaia luze eta erakargarriak antolatzen nituen lagunekin. Hori zen gure dotrina. Ederto ibili ginen.

Maitemindu zaituen ibaien bat?

Ezin dut bat aukeratu. Bakoitzak bere xarma du. Lehen aldiz joan nintzenean, Nepalek zirrara handia sorrarazi zidan: hango ibaiak apartak dira, eta Nepalgo jendea bereziki maitagarria da.

1999ko udazkenean, “Al filo de lo imposible” telesaioko zazpi kidek hogeitabost egun eman zenituzten Zimbaweko Zanbeze ibaian. Abentura handia, ezta?

Hala da, abentura handia izan zen. Zanbeze ibaia arrunt handia da, eta noblea baina basatia, era berean. Ura bero samar egoten denez, nahiko erosoa da piraguan aritzeko, eta ibaiaren inguru guztia zoragarria da benetan. Gozamen handia izan zen.

2003an, Everesteko Dudh Kosi ibaia jaitsi zenuen.

Nepaleraz, Dudh hitzak esnea esan nahi du, eta Kosi-k, berriz, ibaia. Kunbuko glaziarrean jaiotzen da Dudh Kosi, 5.000 metro inguruko garaieran, eta inguru horretan, oso estua eta pendiza handikoa da. Arnasa hartzeko ere lanak izaten genituen, eta horrelakoetan, burua ez da oso sano egoten. 4.400 metroko garaieran hasi ginen ibaian behera: giro hotza, eskuak erdi izoztuta… Baldintza gogorretan aritu ginen. Ibaian behera egin ahala, ur gehiago dabil.

Ibaiak, mendiak bezala, dena eman eta dena kentzen al du?

Bai, noski. Hinduista eta budistentzat, ibaiak, bizitzaren ibaiak dira, jaio eta hil bertan egiten baitira. Euren sinesmenaren arabera, ura eta ibaiak dira bizitzaren abiapuntua, eta hiltzerakoan helmugara heltzen gara: ondorioz, hildakoaren gorpua erretzen dute, eta ibaira botatzen dute atzera. Beraz, ibaia da gauza guztien oinarria.   

Bidaia bat egitera ateratzen zaren bakoitzean, amak kandela pizten al dizu?

Ez. Lehen urduriago jartzen zen. Bidaiei buruzko berriak ere ez zituen irakurri nahi izaten. Ibai baten zailtasuna, norberaren egoera fisikoarekin lotuta dago, hein handi batean. Nire burua ondo ikusten ez badut, ez dut piragua hartzen.

Uretan hainbeste denbora igaro eta gero, ezkatak irtengo zaizkizu aurki.
Ez pentsa! Aurpegia eta eskuak izan ezik, gorputz guztia oso ondo babestuta ematen dut. Azpian, uretarako beroki aproposak jartzen ditut, eta gainetik, berriz, latexko jantzi estankoak erabiliz gero, ez da batere arriskurik izaten! Zimbaweko ibaietan beste modu batean ibiltzen zara, noski: praka motzetan… edo tangarekin. Kar, kar, kar…

Azaroan, ibai bihurri batean ibili zinen Nepalen barrena...

Humla Karnali ibaia, Tibeten jaio eta Indiaraino heltzen da. Gu Nepalgo zatian ibili ginen, eta  hamalau egun igaro genituen: piraguekin, errekan, girora moldatzen... astebete eman genuen Katmandun baimenak lortzen, zamaketariak kontratatzen eta abar. Fisikoki ondo prestatzea ere garrantzitsua izan zen.

Beraz, Nepalgo Kailash mendi sakratuko Humla Karnaliren lagun egin zarete?

Kailash mendi sakratuan lau erreka jaiotzen dira, eta horietariko bat da Humla Karnali. Ganges ibaiaren ibaiadarra da, eta Indian amaitzen da.  ibaia asko baretzen da Indian sartu orduko, eta errekaren bi ertzetan herri eta hiriak ikus ditzakezu. Guk ibaiaren zatitxo bat egin genuen, 400 kilometro.

Oso bihurriak al ziren hango ur-lasterrak?

Lasaiak ez ziren, behintzat. Joan aurretik, erreferentzia batzuk genituen, baina ibaia aurrez aurre izan arte, ez zara erabat jabetzen. Abendua, martxoan eta apirilean ur gutxiago izaten du Humla Karnalik: gu azaroan izan ginenez, ur asko zegoen. Horrez gain, arroila batzuetan izugarrizko desnibela topatu genuen, eta batzuetan, piraguak bizkarrean hartu behar izan genituen, sokekin jaitsi… eta abar. Oso lan gogorra eta nekagarria izan zen: leku asko harriez josita zeuden, gainera. Buruari kalte handia egiten dio tentsio horrek.

Egunean, zenbat kilometro egin zenituzten?
Lehen hiruzpalau egunetan, hamar bat kilometro egin genituen, eta azken hiru egunetan, aldiz, 70 kilometro eguneko. Izan ere, azken zati horretan ur gehiago zegoen, eta askoz bareago, gainera.  Hasieran ez bezala, ibaia zabaldu egiten da behera iritsitakoan, eta ez da harririk izaten.

Ia urtero Marokora joaten zara. Zergatik eta zertara?

Piragua-gida lanetan aritzen naiz. Iaz ingeles batzuekin izan nintzen. Herri lehorra da Maroko, baina ur bizi-biziak ditu. Mogun mendiak 4.000 metrotik gora ditu, eta Hanesal izeneko ibai luzea jaisten da handik. Bost egunez ibaian piraguismoa eginez, herri harrigarrietara heltzen zara; mendetan atzera egin eta iraganera itzuliko bazina bezala. Oso bitxia da. Mogum mendia eta Hanesal ibaia aurkikuntza itzelak izan ziren niretzat.

Orain, zein proiektu darabilzu buruan?

Eskaintza berri bat egin didate gida moduan aritzeko, baina orain, pixka batean bederen, etxean egon nahi dut!