Txotx-mentalitatea

Gizateria bi multzo nagusitan banatu beharko banu (oraindik ez dit inork eskatu, baina tira), ez nituzke ohiko kategoriak erabiliko; hau da, aberats/txiro, emakumezko/gizonezko, hondartzazale/mendizale, barazkijale/haragijale... Kategoria horien gainetik badago kategoria funtsezkoago bat. Nik, behintzat, argi ikusten dut. Sagardotegi-mentalitatea dutenak ditugu alde batean, eta ardandegi-mentalitatea dutenak bestean. Parez pare. Bi kategoria arras ezberdin. Bi kategoria aurkakoak.
Lehenengo definizioaren pean daudenek, hau da, sagardotegi-mentalitatea duten horiexek, bizitza txotx-garai baten moduan bizi dute. Badakite hiru-lau hilabeteko tartea dutela sagardoaz eta sagardotegi-giroaz disfrutatzeko, eta bizkor ibiltzen dira: lagun-koadrila biltzen, mahai bat erreserbatzen, garraioa antolatzen. Bizkor egin ezean, epe murriztu horren barruan hain zuzen, kupeleko sagardoa dastatu gabe geldituko direla badakitelako.
Aldiz, badaude ardandegi-mentalitatea dutenak, bizitza bodega bat dela uste dutenak: beti zabalik, edozein momentutan disfruta daitekeena. Ez dago zertan estresatu. Joango gara, noski, ez bada gaur, bihar, eta ez bada bihar, etzi. Ez dela etzi? Etzidamu, orduan, lasai!
Kuriosoa da, baina lagun-koadrilarekin urtero noa sagardotegi batera. Urtean behin, gutxienez. Ez dugu hutsik egiten. Hamaika ahalegin egingo ditugu guztion agendak koadratzeko, baina azkenean lortuko dugu. Eta disfrutatuko dugu, noski.
Arabar Errioxako upategi batera joateko planak ere urtero-urtero egiten ditugu. Plana gauzatu, ordea, sekula ez. Total, edozein momentutan egin dezakegu. Ez bada gaur, bihar, ez bada bihar badakizue.
Ardandegi-mentalitatea dutenak horrela ibiltzen direla uste dut. Plan ugari diseinatzen, epe luzerako egitasmoak taxutzen, baina horiek guztiak behin eta berriz atzeratzen, berandurako uzten, gerora etorriko den etorkizun lauso horren zain.
Sagardotegi-mentalitatea dutenek, ordea, badakite bizitza txotx garai mugatu bat baino ez dela. Tarte zehatz horren barruan burutu behar dela burutu beharrekoa, bestela, itxarotera jartzen bagara, upela betiko itxiko zaigula.
Horregatik nik sagardoa eta sagardotegi-mentalitatea dutenak nahiago. Bejondeiela!