Txomin Urriza: “Gure mundu honek saldu nahi dizkigun gauza asko ez ditugu behar".

Txomin Urriza: “Gure mundu honek saldu nahi dizkigun gauza asko ez ditugu behar". Txomin Urriza itzultzailea da lanbidez, baina beharbada musikazaleoi ezagunagoa egingo zaigu oholtza gainean The Rodeo Idiot Engine, Kuma No Motor, Estricalla edo Orbel bezalako taldeekin ikusteagatik, gitarra eskuan. Itzulpengintzaz, musikaz eta beste zenbait konturi buruz aritu gara berarekin solasean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txomin-urriza-201cgure-mundu-honek-saldu-nahi-dizkigun-gauza-asko-ez-ditugu-behar.201d/@@download/image/Nire argazkia.jpg
2019/11/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Txomin Urriza itzultzailea da lanbidez, baina beharbada musikazaleoi ezagunagoa egingo zaigu oholtza gainean The Rodeo Idiot Engine, Kuma No Motor, Estricalla edo Orbel bezalako taldeekin ikusteagatik, gitarra eskuan. Itzulpengintzaz, musikaz eta beste zenbait konturi buruz aritu gara berarekin solasean.
Txomin Urriza: “Gure mundu honek saldu nahi dizkigun gauza asko ez ditugu behar".

Txomin Urriza itzultzailea da, baita musikaria ere. Zu nola aurkezten zara batez ere?
Itzultzailea naiz ofizioz, eta musikaria zaletasunez. Norbere burua aurkeztea ez da gauza erraza. Nik ez dut ene lanbideaz hitz egiten. Musika, baratzea, euskara, militantzia politikoa eta beste gauza batzuk aipatu ohi ditut, pareko pertsonaren arabera…

Itzultzaile lanetan zabiltzala irakurri dut 2013. urtetik irakaskuntza utzi ostean, zergatik erabaki zenuen salto hori ematea?
Lanetik ahal bezainbat libratzeko asmoa nuen eta garaian musikan buru belarri aritu nahi nuen. Urte batez The Rodeo Idiot Engine taldearekin Europan 6 bira antolatu genituen eta kontzertuak eman eta eman aritu ginen. Kristoren esperientzia polita! Gero berriz lanean hasi behar, eta zaletasun gehienak bizitzeko aukera emango zidan lanbidea eta oreka topatu nuen: itzultzaile lanetan hasi nintzen.

Bizi al liteke itzultzaile izate hutsetik?
Bai, hilabetero behar dudan dirua ematen dit. Nahi ditudan gauzak ordaintzeko nahikoa dirua daukat. Gure mundu honek saldu nahi dizkigun gauza asko ez ditugu behar. Eta gauza horiek gabe oso ongi bizi gaitezke.

Nola egiten duzu lan itzultzaile bezala?
Etxetik. Ordenagailuaren aurrean. Musika asko entzuten eta lanean ahal bezain zorrotza, sortzailea eta ona izaten saiatzen…

Ba al duzu itzultzaile moduan euskal erreferenterik?
Ipar Euskal Herrian itzultzaile oso onak daude: Ekaitz Bergaretxe, Nahia Zubeldia, Antton Harinordoki, Joana Pochelu, Ortzi Idoate eta beste lagun anitz.

Itzultzailearen lana dirudiena bezain bakartia al da?
Bai, hala da. Ni autonomo gisa ari naiz, etxetik. Langile autonomoak isolatuak eta atomizatuak gara. Hor, ez gara langileak ateratzen garaile. Nire inguruko itzultzaileak urtean behin edo bitan ikusten ditut, UEUren formakuntza saioetan eta horrela. Pena da. Gehiago elkartu behar genuke, kolektiboan antolatu, elkarri gehiago lagundu eta abar.

Jendeak euskaraz nahikoa irakurtzen duela uste al duzu?
Nik ez diot jendeari erranen zer egin behar duen eta zer ez. Nik lehena, prentsa eta aldizkariak euskaraz irakurtzen ditut, baina liburu gehienak frantsesez. Halere, euskal literaturari gehiago lotzen saiatzen ari naiz. Beñat Sarasolaren azkena irakurtzen ari naiz orain.

Egungo euskararen egoera nola ikusten duzu?
Baionako eta ipar Euskal Herriko nire txokotik hitz egingo dut. Arras kezkaturik nago, gauzek ez baitute hobera egiten. Jendeak jarrera irekiagoa eta positiboagoa dauka, baina konkretuki ez dira gauzak hobetzen ari. Eta uste dut euskaldunek ez diogula euskarari nahikoa garrantzirik ematen. Uste dut askori azkenean ez zaiela hainbeste inporta eta horretaz ere aspertu direla. Euskaraldiak gutxienez egoera horretatik iratzarri gaitu, luzarorako ez bada ere.

Kikarakada proiektuan parte hartu duzu testu bat idatziz, zer iruditzen zaizu ekimena?
Ekimen oso polita da. Mundu ero honetan, iruditzen zait elkartasun keinu guztiak txalotu eta sostengatu behar direla.

Oholtza gainean gitarra eskuan ere aritzen zara, zer eskaintzen dizu oholtzak?
Kontzertu bat ematea niretzat barne korapiloak askatzeko modu bikaina da, terapia bat, katarsia bat. Eta musikari izateak jende, leku eta proiektu politiko pila bat ezagutzeko aukera eman dit. Osoki moldatu nau.

Kuma no motor, Estricalla edo egun Orbel bezalako taldeetan aritzen zara. Musikak ez al da askotan hitza baino eraginkorragoa komunikatzerako garaian?
Baliteke. Komunikatzeko modu asko daude. Musika unibertsala da, denei emozioak eragiten dizkigu eta hortaz bai, komunikazio tresna bikaina da. Baina hitzaz harago badira beste gauza asko ere: begiradak, keinuak, jarrerak… Agian horiek pertsonalagoak dira baina sekulako garrantzia daukate.

Orbel taldeak bere lehen EPa ingelesez kaleratu zuen, oraingo honetan lehen diskoa euskaraz kaleratu duzue, zer dela eta aldaketa hau?
Lau taldekide gara, denak lagun minak, baina bakoitzak dauka bere istorioa. Ingelesez hasi ginen Kamillek txikitatik beti euskaraz kantatu duelako eta musika berezi honek ingelesera bultzatu zuelako hasieran. Orain, bide hori eginda, uste dut euskaraz kantatzeko prest zegoela. Hark du kantatzen, beraz hari azken hitza. Baina, bai, nik askoz barnago bizitzen dut egiten duguna nire hizkuntzan eginda. Eta uste dut ekarpen askoz hobea egiten diogula euskal kulturari, ingelesezkoari baino! -barreak-

Zer nolako harrera eduki du?
Ona oro har. Musika berezia da eta ondorioz gustatzen zaizu ala ez. Maitatu ez dutenak agian isilik geratu dira, baina besteengandik hitz goxoak iritsi zaizkigu. Jada kantu berriak idazteko gogoz gaude.

Irudia ere asko zaindu duzue, bideoklip dotoreak atereaz, zenbaterainoko garrantzia du irudiak musikan?
Diskoa entzuteko irudiak ez dauka apenas garrantzirik. Musika da eta kito. Aldiz, uste dut bideoklipak, argazkiak eta kontzertuak beste ariketa bat direla. Eta proiektu bakoitzak zehaztuko du irudiari zer garrantzia eman eta nola landu. Guk garrantzia ematen diogu. Gure musikan giro asko entzun daitezke eta saiatzen gara giro horiek irudiaren bidez ere islatzen.

Erraza al da kontzertuak lotzea?
Bai eta ez. Zuk nahi baduzu, jendeari idatzi, orduak pasa eta kontzertuak lortuko dituzu. Musika komunitate bat da eta jendearekin saretu behar duzu. Eta etxetik urrun joan behar duzu. Ausarta izan behar da! Gero, beste kontu bat da, proiektuaren arabera, ez dituzula baldintza berdinak eskatzen. Kuma No Motor eta Estricallarekin, taberna batean gustura joko dugu. Orbelekin, nahiago eliza edo liburutegi baten lasaitasuna.

Hegoalde-iparralde muga hori hegoaldean kontzertuak lotzerako garaian sentitu al duzue?
Ez. Inoiz. Mugak gure buruetan daude eta horiek apurtu eta deseraiki behar dira.

Zein dira zure erreferente musikalak?
Azken aldian asko entzuten ari naiz Usa Nails, Uranium Club, IDLES, Single Mothers, Ex-Cult eta horrelako rock doinu zakarrak, Pharmakon, Lingua Ignota, The Body eta horrelako doinu esperimentalak eta oso ilunak, eta 40 Watt Sun, A Dead Project Index eta Low bezalako gauza askoz lasaiagoak.

Estricalla taldean ere aritu zara, zer eskaintzen dizute soinu ilun edo gogorrek soinu alaiagoek eskaintzen ez dizutena?
Lehenago aipatu dudan barne huste hori. Alaia eta positiboa izateko, musika iluna entzun eta jo behar dut.



EHZ jaialdiko eztabaida guneetan ere aritzen zarela ikusi dut, zein dira zure egungo kezka nagusienak? Zer egin horiei aurre egiteko?
Galdera ona eta zaila. Azken urteetan asko landu ditudan gaiak: anarkismoa, ekologia politikoa, deshazkundea, antiproduktibismoa. Eta bereziki kezkatzen nauten gaiak: transhumanismoa, teknologiaren bidezko jendartearen erabateko kontrola… Azken urteetan hainbat serie distopiko argitaratu dira eta gehienek gai horiek tratatzen dituzte.