Txistua, ilustrazioak eta poemak batzen dituen ikuskizuna gaur Bilbon
Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen txistularien boskoteak Elisabeth Perez ilustratzailearen irudi eta poemekin uztartuko ditu bere doinu tradizionalak, eta "giro bero eta intimoan" murgilduko dute ikus-entzulea. Gaur eskainiko duten Lainoen artean ikuskizuna, Txistulari Banda Euskalduna Jauregian eskaintzen ari den kontzertu-zikloaren bigarren hitzordu musikala izango da. "Ikuskizun eder eta hunkigarria" izango dela iragarri dute, eta baita "oso kontzertu berezia eta sentikorra" ere, alzheimerra izango baita ikuskizunaren hari nagusia.
Perez ilustratzaileak berak idatzi eta ilustratutako Arrain on baten memoria du ardatz ikuskizunak. Bertan, neska gazte batek istorio maitagarria kontatzen du bere izebaren gaixotasunari buruz duen ikuspuntua erakutsiz. Kontzertu honetan "une nostalgikoak eta erritmo tradizionalen alaitasuna" nahastuko direla adierazi dute, "ilustrazioaren magia eta dinamismoa eta txistuaren musika uztartuz".
Perezek zinema, animazioa, eszenografia eta erakusketen diseinua ikasi zituen, eta arteari buruzko ikerlanak egin zituen dokumental formatuan. Arte irakaslea izan zen eta zortzi urte baino gehiago darama Bilboko Arte Ederren Museoan hezitzaile lanetan. Bonito Editoriala sortu zuen eta baita Irudika Ilustrazioko Nazioarteko Topaketa Profesionala ere beste batzuekin batera.
Emanaldia 19:00etan izango da Euskalduna Jauregian. Kontzerturako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eros daitezke.

Bilboko Udal Txistulari Bandaren hurrengo emanaldia azaroaren 20an izango da, larunbata. Bidebarrietako Liburutegian eskainiko duen urteko hirugarren eta azkenaurreko kontzertua izango da, banda tradizionalaren formatuan. Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Bandak zazpi disko eta DVD bat ditu kaleratuak.

