Txirri, Mirri eta Txiribitonen agurra

Txirri, Mirri eta Txiribitonen agurra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txirri-mirri-eta-txiribitonen-agurra/@@download/image/2012821940120122287397Txirri_Mirri_Eta_Txiribiton.jpg
2012/12/13
berria
Berrogei urteko ibilbidearen ostean, Xabier Otaegik (Txirri), Jose Ignazio Ansorenak (Mirri) eta Txema Vitoriak (Txiribiton) gorpuztutako pailazoak azkeneko aldiz ariko dira publiko aurrean gaur. Bilboko Euskalduna Jauregian izango da, 19:00etatik aurrera Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera emango duten kontzertu berezian.

Guztira 20 CD edo kasette, 26 DVD eta bideo, film luze bat, makina bat komiki, puzzle, ipuin, eta beste hainbeste zuzeneko nahiz telebista bidezko saio eta sari bizkarrean hartuta, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoei agur esateko garaia heldu zaie.
Hori dela eta, ekainean Gasteizko Principal Antzokian eta Donostiako Kursaalen aritu ostean, Bilboko Euskalduna Jauregian amaituko dute gaur berrogei urteko ibilbidea ixteko bira berezi hau. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera, 80ko hamarkadaz geroztik ezagun bilakatu dituzten kantak abestu eta zapi txuria astinduko dute azken aldiz.
Dena dela, hirukoak badu lekukoa hartuko dienik, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoek bira iragarri baitute heldu den udazkenerako.


Lehen urratsak


Donostiako Kresala elkartean egin zuten lehen emanaldia, haurrentzako euskarazko ekitaldirik apenas zegoela-eta, hutsune hura betetzeko asmoz. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ziren orduan, eta telebista etxeetara iritsi bitarteko hamahiru urteetan bazter batetik bestera ibili ziren, gelditu gabe, etxeko txikienen irribarreen bila. 1984an iritsi zen telebistako aurreneko agerraldia.