Txinako zientzialariak "eguzki artifiziala" piztuta iraunarazteko lanean ari dira

Txinako zientzialariak "eguzki artifiziala" piztuta iraunarazteko lanean ari dira Mila segundo baino gehiagoz izan dute piztuta, eta aurretik lortutako marka ondu dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txinako-zientzialariak-eguzki-artifiziala-piztuta-iraunarazteko-lanean-ari-dira/@@download/image/F9uEFUtXYAAxhtC.jpg
2025/06/18

Testua: Maitane Legarreta

Mila segundo baino gehiagoz izan dute piztuta, eta aurretik lortutako marka ondu dute.
Txinako zientzialariak "eguzki artifiziala" piztuta iraunarazteko lanean ari dira

Fusio nuklearraren bidez energia lortzea da zientzialarien erronketako bat, etorkizunean energia garbia izan eta bizimolde jasangarriagoa izate aldera. Eguzkian eta izarretan ematen da fusio nuklearra eta, horren bidez, energia kopuru handia sortzen da. Horretarako, plasma nahitaezkoa da eta oso tenperatura altuan mantendu behar izaten da atomo-nukleoek talka egin, fusionatu eta energia askatzeko.

EAST erreaktore esperimental txinatarrak plasma 1066 segundoz mantentzea lortu du eta, beraz, "eguzki artifiziala" inoiz baino denbora gehiagoz egon da piztuta. Esperimentuan 108 miloi Celsius graduko tenperatura izatera iritsi da. Aintzat hartzeko moduko lorpena da aurtengoa, 2023an egindako saiakeran 403 segundo izan baitziren. 

Fusio nuklearrak ez du gas kutsakorrik sortzen eta ezta epe luzeko iraupena duen hondakin erradiaktiborik ere. Hori dela eta, energia garbia, ziurra eta ia mugagabea ekar lezake fusio nuklearrak. Fusio nuklearra lortzeko beharrezkoa da, ordea, plasma muturreko tenperaturetan sortu eta mantentzea, eta hain zuzen ere, horixe da zientzialarien erronkarik handiena. Material erresistenteagoak behar dira plasmaren muturreko baldintzak jasateko eta, horretaz gain, prozesuaren energia-eraginkortasuna ere hobetu beharko litzateke.

Hala ere, etorkizuneko bizimodu jasangarriagoari begirapauso garrantzitsua izan dela nabarmendu dute adituek. Teknologia hobetuz gero, erregai fosilen erabilera nabarmen murriztu eta energia-iturri ia agortezina izango omen genuke eskura.