Txinak hiru ume izatea baimenduko du

Txinak hiru ume izatea baimenduko du 2015ean ezarritako bi haur izateko politikak jaiotze-tasa nabarmen igoko zuela uste zuten arren, beheranzko joera argia da duela lau urtetik hona. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txinak-hiru-ume-izatea-baimenduko-du/@@download/image/txina hiru ume.jpg
2021/06/10

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

2015ean ezarritako bi haur izateko politikak jaiotze-tasa nabarmen igoko zuela uste zuten arren, beheranzko joera argia da duela lau urtetik hona.
Txinak hiru ume izatea baimenduko du

Txinako Alderdi Komunistak bikote bakoitzak hiru ume eduki ahal izatea onartuko du. Hala iragarri du estatuko berrien agentzia ofizialak alderdiaren batzorde nagusiaren bilera baten ostean. 1979an ume bakarra izateko agindua ezarri zuen eta 2015ean bi izateko baimena eman zuen. 

Estadistiken Nazio Bulegoak erroldaren txostena kaleratu ohi du hamar urtean behin eta 2020ko datuak ez dira izan eurak esperotakoak. Bi ume izateko aukera emateak jaiotza-tasa nabarmen igoko zuela uste zuten arren, datuek joera bestelakoa dela erakutsi dute. 2017an gorada txikia izan zen, baina ordutik argia izan da beherakada. 

Gaur egun emakumeko 1,3 haur izaten dira eta, beraz, tasarik txikiena duten herrialdeen zerrendan dago, Singapur, Hego Korea eta Espainiarekin batera. 1961etik izandako jaiotza-tasarik txikiena dute; orduko datuak gosetearen eraginez izan ziren.

Beraz, Txinan ere biztanleriaren piramidea iraulita dago. Gaur egun 60 urtetik gorakoen herritar kopurua %18,7koa da; duela hamar urte %13,3koa zen. Estatuburuen aurreikuspenen arabera, %33 izango dira 2050.urtean, eta oraingo jaiotze-tasa eta gizarte-laguntzak mantenduta, 2035erako estatuko pentsio-funtsa dirurik gabe geratuko da.

Joera honen arrazoien inguruan hausnartzerakoan gainerako herrialde garatuetan gertatzen denarekin bat egiten dute. Zenbaiten iritziz, egoera ekonomikoa hobetu eta biztanleriaren heziketa prozesua luzatzen den heinean, herritarrek ugaltzeko interesa galtzen dute maiz. Egindako inkestak kontuan hartuta, txinatarrek mendebaldarren arrazoi berak ematen dituzte: bizitzeko kostuaren igoera eta soldata duina izateko zailtasunak. 

Aditu batzuen ustetan, beste faktore batzuk ere badira. Seme-alaba bakarraren politikak (zenbait eremutan bi izan zitezkeen arren) pentsamendu eta kultura aldaketa ekarri zuen euren iritziz. Gaur egun helduak diren txinatarrek arreta osoa izan zuten haurtzaroan eta eurak hazteko heldu asko izan zituzten inguruan: gurasoak, izeba-osabak zein aiton-amonak. Horretaz gain, herrialdea garapen betean murgildua zegoen eta egun prozesu hori moteldu egin da. Seme-alabei ekonomikoki burujabeak izatearen garrantzia irakatsi zieten eta ibilbide profesionalari garrantzia ematen; hortaz, umeak izatea eta ezkontzea aukera bihurtu zen eta ez nahitaezko bizimoldea. 

Bestetik, txinatarrek instituzioekiko konfiantza falta dutela eta euren seme-alaben ongizatea bermatzeko exijentzia handiagoak dituztela azpimarratu dute. Estatuak oniritzia emandako konpainia farmazeutiko batek sortutako haurrentzako txertoa akastuna zela eman zen argitara 2018an eta iskanbila sortu zuen horrek. Bertako erdi-mailako klaseko familia askok haurrentzako produktuak herrialde europar edo amerikarretan erostea ohikoa omen da, bertako ekoizkinekiko duten mesfidantzagatik. Estatuaren babesa zuen haurtzaindegi batean haurrei gehiegikeriak egiten zizkietela ere zabaldu zen 2017an. 

Gauzak horrela, zaila izango da hiru haur izateko politikak auzi demografikoa konpontzea. Analisten ustetan, gizartean hainbat gauza aldatu beharko lirateke: emakumeen diskriminazioa lan munduan, eta emakume ezkongabeak edo bikotekiderik ez dutenak ez zigortzea. Emakume hauek, esaterako, debekatua dute euren obuluak izoztea edo ugalketa lagundua. Bikote homosexualen eta emakume ezkongabeen umeen-tasa eta immigrazioa sustatzea izan beharko lirateke helburu analisten arabera. Ez dirudi Txinak horretarako asmorik duenik, ordea. Ideologia gehiago kontrolatzea eta balore tradizionalen sustapena izan daiteke agintarien ibilbide-orria, emakumeek euren ibilbide profesionala utz dezaten eta etxera itzul daitezen. Hasi omen dira balore hauek sarean zabaltzen eta mugimendu feministei errepresio egiten.