Txikle neskak

Txikle neskak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txikle-neskak/@@download/image/16p22-1.jpg
2002/02/01
erreportajea
Silbia Hernadez
Pista gainean ikusten ditugunean, hezurrik ez dutela dirudi. Hankak, besoak eta gorputza bera txiklea baino gehiago tolesten dituzte. Kolorezko baloiak gora, mazekin malabareak egin, zinta eta uztaiekin figurak osatu… Hasi da ikuskizuna!

Eibarko Ipurua Gimnasia Erritmikoa taldeak ongi daki zertaz hitz egiten ari garen, seniorrek bigarren aldiz eskuratu baitute Espainiako Txapelketa. Baina gimnasta bikainak izateaz gain, neska hauek, batez ere, gazteak dira.

Joan den urte amaieran Gasteizen egin zen Espainiako Gimnasia Erritmiko Txapelketa. Senior mailan Espainiako eta Hego Euskal Herriko hamabi talde lehiatu ziren, baina aurreko urtean eskuratutako titulua Eibarrera etorri zen. Horrez gain, jubenil mailakoek, 30 talderen artean, hirugarren postua lortu zuten.
Garaipenen atzean, ordea, entrenamendu ordu luzeak daude. Hala ere, gimnasta hauentzat kirola bizimodu bihurtu da eta, zirkoan bezala, familia handia osatzen dutela diote. Guk senior taldeko Ylenia Lopez eta Miriam Merino eta jubenil taldeko Jaione Tejedorrekin jardun dugu.   

Umetatik lanean

Miriamek 19 urte ditu, eta berau dugu taldeko "amona". Yleniak eta Jaionek 15 urte dituzte. Baina gaztetasuna eta esperientzia ongi uztartzen jakin dute neska hauek. Yleniak dioenez, "ni lau urte nituela hasi nintzen gimnasia erritmikoan. Gurasoek kirolen bat egitea nahi zuten; amari balleta gustatzen zitzaion, baina aitak ez zuen gehiegi atsegin. Azkenean, gimnasia erritmikoa aukeratu zuten. Adin horrekin, jokoak egiten genituen aparatuak ezagutzeko. Gero, poliki-poliki gauza errazak ikasi nituen, hona iritsi arte". Eta zer da "gauza errazak egitea"? Ba "spagat" delakoa, adibidez. Hau da, ikuste hutsak min ematen duen postura hori. Bai, hankak zabal-zabal egiteari "erraza" esaten diote! Miriamen kasua bestelakoa da: "ni nagusiago hasi nintzen, 9 edo 10 urterekin".

Egunero hiruzpalau orduko entrenamendu saioak egiten dituzte kiroldegian, "eta asteburuetan luzeagoak, askotan asteburu osoa han sartuta pasatzen dugu". Izan ere, taldea Eibarkoa den arren, beste herri batzuetako neskek ere han dihardute. Jaione, esaterako, Hernanikoa da: "taldekide guztiak elkartu ahal izateko asteburura arte itxaron behar izaten dugu, denok batera entrenatzeko. Ni astebururo Yleniaren etxean geratzen naiz".

Gimnastak eta ikasleak

Ipuruako neskak, jakina, eskolan ikasten ari dira. Hala ere, ikasketak eta kirola uztartzeko arazorik ez dagoela diote: "etxekolanak badituzu, egin behar dira eta kitto. Beraz, nor bere ordutegiaren arabera etortzen da kiroldegira, klaseak amaitu eta gero, eta amaitu gabe lagatakoa gauean bukatu behar da".

Eurei gertatu ez zaien arren, zer egingo lukete nota txarrak ateraz gero, gurasoek bata ala bestea aukeratzeko esango baliete? "Ez dut uste gimnasia utzita, eskolan emaitza hobeak lortzen direnik. Batzuek laga zuten, eta hala ere, ez dituzte nota hobeak lortu", adierazi digute.

Gimnasia erritmikoa maiz anorexia eta bulimiarekin lotu du batek baino gehiagok: ezin dutela ia ezer jan, ezin dutela behar bezala hazi… Oso dieta zorrotzak al dituzue? "Nork bere burua zaindu behar du, une jakin batean kilo batzuk galdu behar baditu, badaki zer egin behar duen".

Bestalde, beraiek kiroldegian dauden bitartean, lagunak parrandan ibil daitezke. Ez dute inbidiarik, ordea. "Gustatzen zaiguna egiten ari gara hemen, inork ez gaitu behartzen. Eta, gainera, irtetzen garenean gogo gehiagorekin irtetzen gara. Besteek astebururo gauza bera egiten dute eta horrek ere aspertu behar duela uste dugu".

Komunikabideek ahaztuta

Gimnasia erritmikoak kirol gogorra dirudi. Hala ere, egindako lanak ez omen du behar bezainbesteko oihartzunik komunikabideetan. "Jendeak ia ez du kirol hau ezagutzen, askok ez dute bereizten gimnasia erritmikoaren eta gimnasiaren artean. Oraingoan, txapelketa Gasteizen izan denez, ETBk, behintzat, eskaini egin zuen. Bestela, biharamuneko egunkarietan emaitza ipintzen dute eta gutaz ahaztu egiten dira".

Gimnasta gazteok pozik daude egiten dutenarekin. Kirola lagatzeko adina norberak ezartzen duela diote, eta muga bat ipintzekotan, hemeretzi urte inguruan jarriko luketeela. Aurrera bada, eta segi dominak bata bestearen atzetik janzten!