Txikitako telesailen (ikusi gabeko) amaiera harrigarriak

Txikitako telesailen (ikusi gabeko) amaiera harrigarriak Buruan daukagun lehen ideia garatu, gidoi bat idazten hasi, landu, pixkanaka garatzen joan eta telesail moduan aurrera eraman. Hori guztia, konplexutasun handiko prozesua dela argi dago. Ikuslea harrapatu eta denboraldi luzez itsatsia mantentzea are gehiago. Bide guzti horri amaiera biribil bat eman eta gehiengoaren artean adostasuna lortzea ordea, ia ezinezkoa. Jarraian, gogoratzen edota ikusi ez genituen amaiera bitxi, xelebre eta penagarri horien zerrenda, itxialdiko egunotan bidaia nostalgiko dibertigarria egin dezazun. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txikitako-telesailen-ikusi-gabeko-amaiera-harrigarriak/@@download/image/Sin-título-12.jpg
2020/03/25

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Buruan daukagun lehen ideia garatu, gidoi bat idazten hasi, landu, pixkanaka garatzen joan eta telesail moduan aurrera eraman. Hori guztia, konplexutasun handiko prozesua dela argi dago. Ikuslea harrapatu eta denboraldi luzez itsatsia mantentzea are gehiago. Bide guzti horri amaiera biribil bat eman eta gehiengoaren artean adostasuna lortzea ordea, ia ezinezkoa. Jarraian, gogoratzen edota ikusi ez genituen amaiera bitxi, xelebre eta penagarri horien zerrenda, itxialdiko egunotan bidaia nostalgiko dibertigarria egin dezazun.
Txikitako telesailen (ikusi gabeko) amaiera harrigarriak

Azken urteotan, helmugara iristea lortu duten ekoizpen guzti horien artean, pantaila txikiaren historian arrasto beltza utzi eta amaiera penagarriak egitearen zalantzazko meritua duten multzo bat ere ageri da.  Are okerrago, nola amaitu ziren ere gogoratzen ez ditugunak.  Etengabeko errepikapenen eraginez -hasieratik behin eta berriz hasten zirelako ,Dragoi Bola-ren kasua adibidez- eta bestetik, amaiera horiek Euskal Herrian eman ere egin ez zituztelako. Kilker soinuak entzuten ditugu gure garunean “nola amaitu zen?” galdetzen diguten bakoitzean.

Hementxe,  gogoratzen ala ikusi ez genituen amaiera bitxi, xelebre eta penagarri horien zerrenda, itxialdiko egunotan bidaia nostalgikoa egin dezazun.

 

'Alf'

(1986)

Ziur,  ile laranjatua zuen pertsonaia xelebre hau gogoratzen duzula. Telesailaren hasierako premisan, Alf, Melmac planetatik zetorren estralurtarra zen, bere arrazako azkena. Azken atalean, bi Melmacdarren mezu bat jasotzen du, ustez bere planetaren suntsipenetik bizirik atera ziren beste bi kideak. Beraiekin elkartzera doan unean, Estatubatuar armada azaldu eta Alf bahitzen dute, esperimentu desberdinak egin eta bere buruarekin ikertzeko asmoz. “Benetan horrela amaitu zela?” Bai eta ez. Urte batzuk beranduago, 1996an, Project: ALF izeneko film bat egin baitzuten. Justu telesaila amaitzen den une hori abiapuntutzat hartuz.

 

'David el Gnomo'

(1985)

Telesail honen amaiera da gogoratzen dudan bakarrenetakoa. Umea nintzela, tristea eta traumatikoa iruditu zitzaidalako ziurrenik. Ipotx txiki hauek, laurehun urte betetzen zituzten unean, basoa zeharkatzean azaltzen zen mendi gailur horretara joan behar zuten.  Zertara? hiltzera. Bai, David eta Lisa, bere azeri Swift-ekin batera, bidaia horri ekingo diote azken atalean. Mendira iritsi, malko-artean agurtu eta hil egiten dira, baina noski ez edozein modutan, bi zuhaitzetan eraldatzen baitira.

'The Fresh Prince of Bel-Air'

(1990)

Will Smith mundu mailako izar bilakatzera bultzatu zuen telesail ezaguna. Gogoratuko duzun bezala ,errekurtso dramatiko moduan, atal desberdinetan, maiz aipatzen zuten protagonisten jatorri xumea eta Phil osabarena batik bat.  Azken atalean, Philip Banks, Bel-Air auzoaz nazkatuta dagoela ohartu, etxea salgai jarri eta hain elitista ez den beste toki batetara aldatzea erabakitzen du.

Geoffrey etxezaina, Londres hirira bueltatzen den bitartean, gainerako pertsonaiak , erronka berriak aurkitzeko intentzioz, bizitza berri bati ekingo diote. Will salbu, etorkizuneko planik ez duela ohartzen den unean, Kalifornian geratzea erabakitzen baitu, ikasketak amaitzeko asmoz. Telesaila, hainbat denboraldietan zehar ikusi dugun etxe erraldoi horren plano batekin amaitzen da, erabat hutsa ikusten dugun bitartean.

'Punky Brewster'

(1984)

Gogoratzen, bere adopziozko aitarengatik hezitako, Punky Brewster izeneko neskatxa honen istorioa? Azken atalean, ama ezagutuko zuela espero genuelakoan, ez zen hau gertatu. Horren ordez, Brandon txakurrari ezkontza bat antolatzea erabakitzen dute. “Zer?, Nola?” Bai hala da, auzoterian bizi den beste txakur batekin ezkontza bat prestatzen dute, atal osoan zehar, flashback eta oroitzapen desberdinen irudiak tartekatzen diren bitartean. Amaieran telesailaren atzean zegoen lan-talde osoaren argazki bat ikus dezakegu. Burdinazko gidoi batez eraikitako amaiera ikaragarria eh? ene...

 

'Family Matters'

(1989)

Gure haurtzaroko beste telesail mitikoa. Chicago hiriko auzune batean bizi den Winslow familiaren eguneroko gorabeherak azaltzen zituena. Azken denboraldietan, gidoilarietako batek belar magikoren bat erre zuenaren susmoa izan dut beti; denboran zehar bidaiak ikusi genituelako, bitan banatzen zen nortasun moduko bat eta inongo esplikaziorik gabe, bat-batean desagertzen ziren pertsonaiak.

Azken atalean NASA-k, Steve Urkel-en asmakizun berriaren patentea erosi eta froga desberdinak egin ahal izateko, espaziora bidaltzea erabakitzen dute.  Nola ez, berezkoa zuen trakestasun horren erruz,  bere bizia arriskuan jartzen du, zerbait gaizki irten eta ontzitik ateratzen baita -bai, asmatu duzue nondik atera zuten Gravity filmaren argumentua-. NASA-k, bizitza salbatzea lortu eta Urkel heroi nazional moduko batean bilakatzen da. Etxera bueltan, Laura-k muxu eman eta betiko elkarrekin egongo direla zin egiten dio, hori bai, baldintza bakar batekin; ez dela inoiz berriro espaziora joango… (komentariorik ez...)

 

'Marco'

(1976)

Telesail oson zehar ama aurkitu nahi zuela eta, nazka-nazka egin gintuen Marco izeneko ume madarikatu honek. Atlantikoa gurutzatu zuen, Argentinara iritsi, lapurretak jasan eta 150 aldiz gosez hiltzeko zorian egon zen. Zertarako? Azken atalean, ama aurkitzen duen unean, erdi hilik dagoela ohartzeko. Bai, dramatismo gehiago irabiatuari gehitzeko. Baina lasai, azken atal horretan hiru minutu irauten dituen bi sekuentzietan -kontuan izanik, 50 atal itxaroten egon ginela une hori ikusteko, gidoilariek pentsatuko zuten ” btira, 3 minuturekin nahikoa”- , errekuperatu egiten da, semea besarkatu eta poz-pozik etxera bueltatzen dira.

'Doraemon'

(1979)

Kondaira ugari entzun dira azken urteotan katu kosmikoaren amaierari dagokionez. Ezagunena, urteetan zehar Nobita koman egon ondoren, guztia amets bat izan dela eta Doraemon, ondoan izan duen pelutxezko katutxo bat besterik ez zela. Sentitzen dut zapuztea -ala ez- baina gezurra da. Telesail honek ez baitu amaiera ofizialik izan. Bai, hala da, sortzaileetako bat, Fujimoto Hiroshi ,1996 urtean hil baizen, Nobita eta Doraemon-en abenturei itxiera bat eman gabe. Beste sortzailea, Motō Abiko eta lan-taldearen artean,  amaierarik gabe uztea erabaki zuten, hildakoaren omenez edo.

 

'Kyaputen Tsubasa' (Oliver eta Benji)

(1983)

Hasierako kanta hasten zen unean, etxeko sofatik altxa eta Ooooaoaoaoooooaoaoaoao!” biharamunik ez balego bezala abestuarazi zigun telesaila. Futbol zelai guztia gurutzatzeko hamar egun behar zituzten pertsonaia hauek, belaunaldi oso bat markatu zutela ez dago zalantzarik.  Baina nola amaitu zen? Doraemon-ekin gertatu bezala, kondaira ugari ere honen inguruan. Ezagunena, istripu baten ondorioz, lehen atalean, Oliver-ek, bi hankak galdu zituela eta Nobita-ren antzera, telesail osoa koman zegoenez, amets bat besterik ez zela. Ondoko gelan, Benji atezaina. Honek aldiz eskuak galdu zituela istripu horretan. Asmaturiko amaiera traumatiko hori alde batera utziz, "egia berdaderoa", azken atalean, Japonia eta Brasil-en arteko norgehiagokarekin amaitu zela da, Japoniarrek 3-2 garaile irteten zirelarik.

 

Dungeons & Dragons

(1983)

Amaierarik izan ez zuen beste telesaila. Beno, bai, baina ez ofiziala, zaleek eginiko erdizkako amaiera  baizik. Itxierarik gabe uzteak, zaletu askoren haserrea eragin zuen, baina garai hartan, Interneta gure artean hain garatua ez zegoenez, horrela uztea erabaki zuten. Urte batzuk beranduago, sare sozialak guztia inbaditzen hasi zirenean, zaletu hauek indar gehiagorekin presioa egiten hasi ziren eta ondorioz, gidoi zahar horiei hautsa kendu eta eduki guztia interneten zabaltzea erabaki zuten sortzaileek.  Imajinatuko duzuen bezala, oso zaila egin zitzaien maila emango zuten azken atal horiek sortzea eta ondorioz, gidoiaren elkarrizketa guztiak audio formatuan grabatzen hasi ziren. Azkenean beraz, irrati-nobela moduan eman zioten amaiera, gaur egun Youtube-en entzungai dagoen zati honetan duzuena: