Txikilikuate???

Txikilikuate??? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txikilikuate/@@download/image/Fertxu4.jpg
2008/04/04
erreportajea
Fertxu Izquierdo


Edozein unetan eta edozein jendartetan, nahiko normala da hitz berriak sortzeko prozesua: neologismoak, beste hizkuntzen kalkoak... Hizkuntzaren eta jendartearen eboluzioaren sintoma da. Eta euskarak ere aurrera egiten du eta hitz berriak gehitzen dizkiogu etengabe gure hiztegiari: emepehiru, disko gogorra, eskaneatu...

Baina badaude atzera garamatzaten hitzak. Horietako bat txikilikuate da. Ez dakit nondik sortu den, edota zergatik zabaldu den hain laster gure artean, baina argi dago, azken garai hauetan, asko zabaldu den hitza dela, ezta? Nork ez du erabili? Nork ez du entzun, behintzat? Eta zertarako erabiltzen dugu? Kanpotik etortzen den jendea izendatzeko. Edo hobeto esanda: Hego Amerikatik etortzen den jendea izendatzeko. Eta zergatik garamatza atzera? 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran, Espainiatik zetorren jendea izendatzeko maketo hitza erabili zen Euskal Herrian. Mespretxuzko zentzuan beti ere. Egia da maketo hitza ez genuela euskaldunok asmatu. Kantabriatik sartu omen zitzaigun Bizkaia aldean. Baina egia da, baita ere, laster (oso laster) erabiltzen hasi ginela, arestian aipatu dudan mespretxuzko zentzuarekin. Eta maketoak ziren Espainiatik gurera ogi bila zetozen horiek guztiak.

Nik ez dut inoiz erabili maketo hitza. Eta garai horiek atzoko garaiak zirela iruditzen zitzaidan. Baina, lehen esan bezala, azken garai hauetan badirudi txikilikuate hitza entzutera ohitu garela. Nire belarriak, halere, ez dira ohitzen eta pertsona bat izendatzeko txikilikuate hitza entzuten dudan bakoitzean, halako min ikaragarria sentitzen dut nire tinpanoen barnean. Ez da izanen hainbesterako! Esanen didate batzuek. Beste batzuek, ordea, amultsuki erabiltzen dutela esanen didate. Ez dakit hainbesterako den. Ez dakit amultsuki erabili ahal den. Baina badakit hitzaren soinua eta esanahia ez ditudala gustuko.

Bai, zenbait hiztegitan txikilikuate hitza bilatzeko lana hartu dut. Eta ez dakit beste esanahiaren bat izanen duen ala ez, baina gaztelaniazko hiztegi batean hauxe topatu dut: “Chiquilicuatre: hombre de poco juicio y enredador”. Esanahi honekin, ez duzue uste hitz hau gure hizkuntzatik desterratzeko garaia dela?