Txikien arteko babesa eta trukea

Txikien arteko babesa eta trukea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txikien-arteko-babesa-eta-trukea/@@download/image/20116139631garabide_indigenak_1.jpg
2012/12/13
berria
Ameriketako aymara, maya, kaqchikel, maya, yucateco, nasa, nahualt, mapaguzun eta quechua hizkuntzen hainbat ordezkari Euskal Herrian dira, Garabide eta MUk hizkuntzen berreskurapenerako antolaturiko masterra osatzen. Euskaldunok alor honetan dugun esperientzia ezagutu eta euren esperientziak partekatzea da helburua. Nafarroa Oinezek duela bi urte kaleraturiko 'Txikiak Handi' manifestua ere sinatu dute bidenabar. 

Euskaldunak Europako indigenak garela esan ohi da. Ez dakigu zientifikoki zenbateraino den irmoa baieztapen hori, baina ukaezina da batean eta bestean jatorrizko etnia nahiz hizkuntza txikiek bizi izandako mendeetako esperientziak baduela zerikusirik. Ameriketako indigenen istorioa eta geurea ez dira berdinak, baina badugu zer ikasia elkarrengandik.

Kooperatiba mundutik sorturiko egitasmoa da Garabide. Garapenerako laguntza esperientzien elkartruketik bideratu behar dela ulertzen dute, eta Euskal Herriak eskain dezakeen esperientziarik baliotsuena bere nortasuna eta hizkuntzaren bizi-ahalegina dela. Horrela hizkuntzen berreskurapenerako master bat eskaini dute Mondragon Unibertsitatearekin batera, Hego Ameriketako herri indigenek hemen buruturiko lanaren oinarriak ezagutu ahal ditzaten.

Sei 'estatu' ezberdinetatik hamar hizkuntzatako hemeretzi ordezkari ari dira parte hartzen hiru hilabete iraungo dituen ikastaroan. Mexikotik Nahualt etniako ordezkari bat, Tosepan Titaniske nekazari elkartetik datorrena; Ecuadortik Kichwa etniako ordezkari bat, Runa Pacha kultur elkarteko lehendakaria… Ikastaroaz gain hainbat irteera ere antolatu dizkiete, euskalgintzan diharduten hainbat eragile bertatik beratara ezagutzeko: Berria egunkarira, Euskaltzaindiara, Txalaparta argitaletxera, EiTBra, Tafallako ikastolara….

Esperientziak erakutsi digu txikioi, mendeetako esperientziak erakutsi ere, handiak nekez izango ditugula bidelagun. Eta pixkanaka hasia da txikien arteko babesa eta elkarlana. Hemengoa ezagutzera etorri dira indigenak, baina baita, noski, eurena ezagutaraztera ere.


Txikiak Handi Manifestua



Duela bi urte Nafarroa Oinez zela eta euskalgintzako hainbat erakundek Txikiak Handi manifestua eman zuten ezagutzera. Gerora Aragoi, Gales, Okzitania, Bretainia eta Kataluniako hainbat elkarteren atxekimendua lortu zuen eta orain Ameriketatik etorritako ordezkari hauek eman dute eurena.

Nahi duen orok eman dezake atxikimendu hori Txikiak Handi webgunean. Honakoa da manifestuaren edukia:


ADIERAZI NAHI DUGU:

Mundua eleanitza dela.

Hizkuntzak altxor kulturalak direla, eta horrek aniztasuna eta aberastasuna ematen diela munduko herrialdeei.

Hizkuntzak herrien eta pertsonen identitaterako eta garapenerako funtsezko tresnak direla.

ALDARRIKATU NAHI DUGU:

Hizkuntza gutxituak ere errespetatuak eta kontuan hartuak izateko eskubidea

Gure hizkuntzak normalizatzeko behar adina laguntza eta babesa izateko eskubidea, batez ere hezkuntza arloan.

Gure hizkuntzek legaltasun osoa izateko eskubidea euren eremuan.

Gure hizkuntzetan bizi ahal izateko eskubidea, gizarteko edozein esparrutan.

HONAKO KONPROMISO HAUEK HARTU NAHI DITUGU:

Hizkuntzen normalizazioan lanean jarraitzeko, eta gure arteko zubiak eraikitzea, txikion batasunak handi egiten gaituelako.

Manifestu honi ahalik eta oihartzun zabalena ematea.