Txiki Agirre 'Keixeta'-ren 'Batzuetan basatia, beste batzuetan ederra' erakusketa zabaldu dute Donostian

Txiki Agirre 'Keixeta'-ren 'Batzuetan basatia, beste batzuetan ederra' erakusketa zabaldu dute Donostian Artistak azken urteetan egindako pintura eta eskultura lanak bildu dituzte Aiete Kultur Etxean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txiki-agirre-keixeta-ren-batzuetan-basatia-beste-batzuetan-ederra-erakusketa-zabaldu-dute-donostian/@@download/image/Keixeta eta artelana.jpg
2022/07/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Artistak azken urteetan egindako pintura eta eskultura lanak bildu dituzte Aiete Kultur Etxean.
Txiki Agirre 'Keixeta'-ren 'Batzuetan basatia, beste batzuetan ederra' erakusketa zabaldu dute Donostian

Erakusketan abstrakzioa ardatz duten hogeita bederatzi margolan daude, formatu ertain zein handian. Keixetaren artelanetan kolorearen erabilera nabarmentzen da, baita artistaren begirada ere. Pintzela, brotxa, espatula, trapuak, tinta industrialak eta disolbatzaileak dira bere lan piktorikoaren parte.

Ontzigileen teknikaren bitartez egindako hiru eskultura ere paratu dituzte bitrinetan. Zeramika eta portzelana, eta buztingilearen tornua erabiltzen ditu lan horiek osatzeko. Pintura eta eskulturaz gain, lan-prozesu esperimentalak erakusten dituzten irudiak proiektatzen dira.

Figurazioaren munduan hasia, Keixetak hainbat urte daramatza abstrakzioaren esparruan. Artistak dio libreago sentitzen dela testurak eta materialak berez konbinatzen dituen lan horiek sortzeko. Eskulturetan, berriz, figurazioa da nagusi. Bere pinturan uzten dion askatasunaz gain, abstrakzioek ikuslearen inplikazio handiagoa eskatzen dutela uste du, ikusleen jarrera bat behar du, arte plastikoetan beharrezkotzat jotzen duena. Naturaz ere elikatzen da; itsasoaren aztarna eta pago-basoak ageri dira paisaietan, beti ere bere begiradarekin interpretatua. 

Antolatzaileen hitzetan, "berrogei urte baino gehiagoko ibilbideak estilo bat finkatzeko balio izan dio, urteen poderioz eboluzionatu du, sorkuntza artistikoa sentitzeko eta pinturak eta eskulturak eskaintzen dizkioten baliabideak konbinatzeko modu bat islatuz".

Erakusketa irailaren 25era arte egongo da irekita, asteartetik ostiralera goizez, larunbatetan goiz eta arratsaldez, eta igandetan goizez. Irailaren 7tik aurrera arratsaldez egongo da zabalik astegunetan.