Txartel urdina futbolean: ideia ona ote?
Futbolaren arauak ez dira beti berdinak izan. Jokatzeko modua eta puntuazioa aldatuz joan dira historian zehar. XIX. mendearen erdialdean ez zegoen arau idatzirik eta eskualde bakoitzak modu ezberdina zuen jokatzeko. Alta, 1863ko abenduaren 8an behin betiko arauak idatzi ziren eta araudi hau da gaur egun mundu osoan erabiltzen dena.
Orain, 150 urte baino gehiagoren ostean, futbolak bere araurik tradizionalenetako bat aldatu nahi du. Txartel urdina txertatu nahi da. Hau da lehen aldia, 1970eko Munduko Txapelketatik, arauren bat aldatzen dena. Garai hartan txartel hori eta gorriak txertatu ziren. Futbolean berrikuntza izan baliteke ere txartel urdina, ideia ez da berria kirolaren munduan. Zenbait kiroletan erabiltzen da eta oso ondo funtzionatzen du.
IFAB (International FootBall Asscoiation Board) txartel urdina futbolean ere txertatzea hausnartzen ari da. Modu honetara, txartel urdina jasotzen duen jokalaria joko-zelaitik kanporatua izango da hamar minutuz eta aulkian itxaron beharko du denbora amaitu arte.
Bi aldiz txartel urdina jasoz gero, txartel gorriaren parekoa litzateke. Jokalaria kaleratua izango litzateke eta ezingo luke hurrengo partidua jokatu. Modu berean, txartel urdin bat eta hori bat jasotzen duenarentzat ere emaitza berdina izango da.
Txartel urdina gradualki txertatuko da. Futboleko Federazio Ingelesa boluntario aurkeztu da sistema berria probatzeko. Momentuz eliteko lehiaketak kanpo utziko dituzte, araudi berria perfekzionatu arte. Beraz, oraingoz ez ditugu Europako Kopan eta Champions-en txartel urdinak ikusiko.
Txartel urdinaren helburua arbitroek partiduetan zehar jasotzen dituzten protesta eta kexak ekiditea da, euren lana eragozten baitute. Txartel urdinarekin taldea zigortzen da, denbora mugatu batez jokalari bat gutxiagorekin utziz.
Berehala azaldu da FIFA bere iritzia ematera. Erakundeak igorritako komunikatuan lasaitasuna zabaldu nahi izan du: “FIFAk txartel urdina elite mailetan erabiliko denaren albistea argitu nahi du. Ez da zuzena eta baieztapen goiztiarra da. Egingo diren frogak azpi-mailetan probatu beharko dira”.