Txapelpunk: punk txapelduna

Txapelpunk: punk txapelduna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txapelpunk-punk-txapelduna/@@download/image/4p11-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Rafa Cabeza
Txapelpunk: punk txapelduna
Txapelpunk Etsaiak-eko Iñigitoren talde berria da. Bertan Arrasateko Rip taldeko Julek, Deskontrol-eko Maguk eta Honako Putzuek-eko Enekok ere parte hartzen dute. Kantu ugari pilatu zaizkio Iñigitori eta haiei irtenbidea emateko, talde berria sortu du. Diskoa Gor zigiluarekin atera dute eta aurrerantzean kontzertuz kontzertu ibiliko dira Euskal Herrian.

Noiz hasi zinen proiektu honekin?
Iñigito: Duela bi urte, gutxi-gora-behera, hasi nintzen proiektuaz pentsatzen. Etsaiak-en jende asko gara eta bakoitzari estilo desberdinetako musika gustatzen zaigu. Beraz, abestiak guztion zaletasunak kontuan hartuta egiten dituzu. Txapelpunk, ordea, bestelakoa da. Kantuak egin ahala, oso gustukoak nituela konturatu nintzen eta horrek izugarrizko ilusioa eta gogoa piztu zizkidan. Lorentzo Recordsen  Gor disketxeko Marino ezagutu nuen eta maketatxo bat grabatua genuela komentatu nion. Berak maketa gustukoa zuenez, diskoa kaleratzea erabaki genuen. Gero dena oso azkar joan zen. Grabazioa berehala hasi zen. Han Marino buru-belarri ibili zen produkzio lanetan. Baxua grabatu eta guzti egin zuen abesti batean. Kolaborazioetako bat izan da!
Kolaboratzaile askok parte hartu du...
I: Bai, Koma-ko Brigi... Amodio kantu bat abestu dugu elkarrekin. Nor ez da noizbait izorratuta egon neska lagunak edo mutil lagunak utzi duelako? Rip-eko Mahomak  "Hasta el fin de tus dias" abestu du, MCD-koek ere parte hartu dute...
Txapelpunk-ek ez al dizue Rip gogora ekartzen?
Jul: Lou Reep?
I: Julek estilo berezia ematen dio gitarrari. Horregatik da. Nik bere ekipoarekin jo izan dut, baina ez diot berak ateratzen dion soinu berezia ateratzen. Ez dago hori lortuko duenik.
J: Ez baitakit beste era batetara jotzen.
Iñigito, zer moduz konpondu zara kantatzerakoan?
I: Nere saltsan nago kantatzen dudanean. Julekin hitz egiten ari naiz berak gitarren pisu guztia hartzeko, nik ehuneko ehun mikro aurrean eman dezadan. Akordio batera iritsi gara eta kantu batzuetan nik gitarra kentzen dut eta besteetan biok jotzen dugu.
Noizko euskara hutsezko diskoa?
I: Laster. AEKn sartzeko asmotan nago. Disko honetako hitzak lagun batekin egin nituen. Ni ere neure koadernoarekin eta boligrafoarekin joaten naiz toki guztietara. Udan brontzeadorea eta bainu jantzia ahaztu izan ditut hondartzara joateko, baina ez, ordea, koadernoa.
Orain arte eman dituzuen kontzertuak zer moduzkoak izan dira?
J: Oso onak. Jendeak kantuak abesten ditu eta hori seinale ona da. Durangoko Azokan ere primeran ibili gara, diskoa asko saldu da. Giro ona somatu dugu diskoaren inguruan.