Txaleten eraikuntza debekatu dute Hanburgon

Etxebizitza topatzea odisea da Alemaniako hiri nagusietan; biztanle gehienek alokairura jo behar dute, erostea ia ezinezkoa delako. Aldi berean, herrialdeko ertain klasea txaletetan erretiroa hartzeko ohitura du, eta hala, hirietako periferiak txalet-auzoez bete dira. Orain arte; Hanburgon etxebizitza mota hau eraikitzeari utziko diote, ingurugiroaren izenean.
Alemaniako Alderdi Berdeak 2019an koalizioan sinatutako planaren puntuetako bat txaleten eraikuntza gelditzea zen, eta gauzak horrela, Hanburgo iparraldeko distrituko zuzendari Michael Werner-Boelzek agindua eman du hemendik aurrera hirian txalet gehiago eraiki ez daitezen. Erabakiak ez du harrera ona izan gainontzeko alderdien artean, baina badirudi neurriak aurrera egingo duela.
Baina, zein da txalet baten kostu ekologikoa? Werner-Boelz-en taldeak egindako kalkuluen arabera, txalet bakoitzak 200 tona hondar eta zementu behar ditu eraikuntzarako, eta kopuru hori Klima Aldaketa ekiditeko helburuetatik "gehiegi" urruntzen dela erabaki dute.
Erabakiak polemika handia piztu du, asko baitira Hanburgora txaleten bila doazen alemaniarrak, gehienak erretiratu berriak. Belaunaldi horrentzat txalet motako etxeak dira idealak, eta ez daude pisu batean bizitzeko prest; gainera, orain txaletetan bizi direnek abantaila handia izango dutela uste dute, haien etxeen balioa nabarmen handituko delako.