Txakurrentzat indioilar zaporeko garagardoa
Eguberritan txakurrari zerbait berezia erosten diozunetakoa bazara (lasai, ez zaude bakarrik), hona hemen ideia bat: garagardoa. Izan ere, indioilar zaporeko garagardo berezi bat merkaturatu dute, txakurrekin batera topa egin dezazun.
Jakina da alkohola gure lau hankako lagunentzat arriskutsua dela, egoera etiliko berehalakora eraman ditzake. Giza kontsumora bideratua dagoen alkoholik gabeko garagardoa ere ezin dute kontsumitu, gasa duen ezertxo ere ez baita ona eurentzat.
Garagardoa bakarrik ez da txarra, ordea. Guretzat kaltegabeak diren elikagai eta edari asko kaltegarriak dira txakurrentzat. Azukrea, kaloria gehiegiak, teobromina eta ahoratzen ditugun beste zenbait osagai pozoia izan litezke beraientzat. Orduan, zergatik merkaturatu txakurrentzat garagardoa?
Hau garagardo berezia da. Ez du alkoholik, ez lupulurik, ez gasik. Garagardoaren antzekotasunak izenean eta itxuran ditu bakarrik. Busch garagardo markak sortu du indioilar zaporeko produktu hau. Orain dela pare bat urte hezur-saldatik abiatuta sortu zuen antzeko bat, oraingoan indioilar zaporea hautatu dute.
Produktu honen osagaien artean indiolar salda dago, ura, albaka, menta hostoak, kurkuma eta jengibrea. Zure txakurrak gustuko izango du, baina horretaz gain, osagai hauek odoleko glukosa mailak erregulatuko dizkiote, digestio arazoak arindu eta bere hatsa freskatu. 
Hori bai, garagardo marka honek argi utzi nahi du, ohiko garagardoa txakurrei ematea ez dela ideia ona, eta behin eta berriz azpimarratzen du ideia euren sare sozialetan. Busch markako garagardo berezi honekin, ordea, ez dago inongo arazorik eta horrela, sekula pentsatu ere ez duzu zerbait egin zenezake: zure lagun iletsuarekin topa egin!

