Txakurrentzako lehen zinema-aretoa Ingalaterran

Txakurrak ere zinera joan daitezke Ingalaterrako Manchester hiriko Ducie Street Warehouse gunean. 36 eserleku ditu bertan dagoen Mini-Cini zinema-areto koskorrak eta jabeak euren txakurrekin joaten dira astelehen gaueko emanaldietara. Jabeak eserlekuetan eseri ohi dira eta txakurrak, berriz, nagusien magalean edota lurrean, tamainaren arabera.
Txakurrentzako egokiak diren filmak eskaintzen dituzte, animaliak protagonista dituztenak, hala nola Bethoven, Lady and the Tramp, Lassie, Hotel for Dogs eta Scooby-Doo. Gainera, aretoko giroa ere egokitu egiten dute eta, hala, argi gehiago izan ohi da emanaldietan eta soinua jaitsi egiten dute, animaliak ez aztoratzeko. Jatekorik ere ez dute falta izaten, pawlomitas zein bestelako mokadutxoak saltzen baitituzte, pelikula ikusten ari diren bitartean gosea baretu dezaten.
Ez dituzte animaliak hiltzen diren pelikulak erakusten, beraz, batzuk zerrendatik kanpo geratuko dira, I am Legend eta Marley and Me esaterako. Txakurrak agertzen diren ikus-entzunezkorik gabe geratzen direnean, animaliak gaitzat dituzten beste lan batzuk topatuko dituzte.
Astelehen gauetan egiten diren emanaldien kostua bost libra edo sei eurokoa izaten da pertsonako. Oraingoz arrakasta izaten ari da ekimena eta aurrera jarraitzeko asmoa dute. Emanaldia amaitutakoan, aretotik atera eta gunean bertan dauden jatetxe, taberna, edo terrazetara joan daitezke txakurrak nagusiekin batera.