Txakurren nortasun edo jokabideak ez daude arrazagatik determinatuak

Txakurren nortasun edo jokabideak ez daude arrazagatik determinatuak Honela dio ikerketa berri batek. 78 arrazako 2.000 txakurren genetika aztertu da, eta txakurrak dituzten 18.000 pertsonek emandako erantzunak ere kontrastatu dira. Emaitza? Txakurraren arrazak bere jokabidearen %9 bakarrik azaltzen duela. Honenbestez, ikerketako arduradunek azpimarratu nahi izan dute, ez duela zentzurik txakur arrazak arrisku mailaren arabera sailkatzeak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txakurren-nortasun-edo-jokabideak-ez-daude-arrazagatik-determinatuak/@@download/image/cachorros.jpg
2022/05/03

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Honela dio ikerketa berri batek. 78 arrazako 2.000 txakurren genetika aztertu da, eta txakurrak dituzten 18.000 pertsonek emandako erantzunak ere kontrastatu dira. Emaitza? Txakurraren arrazak bere jokabidearen %9 bakarrik azaltzen duela. Honenbestez, ikerketako arduradunek azpimarratu nahi izan dute, ez duela zentzurik txakur arrazak arrisku mailaren arabera sailkatzeak.
Txakurren nortasun edo jokabideak ez daude arrazagatik determinatuak

Border collie-ak energia gehiegi dute, chihuahuak hiperkinetikoak dira, artzain txakur alemanak zoriontsuenak eta galgoak indargabeak. Horiek dira arraza batzuekin lotzen ditugun sineskeriak, nortasun bat ezarriz txakurrei bakoitza ezagutu ere egin gabe. Bada ikerketa honek aurrejuzgu hauekin hautsi du. 

Elinor Karlsson ikertzaileak urteak dihardu txakurren jokabidea eta oinarri genetikoak ikertzen eta berriki Science aldizkarian lortutako emaitzak argitaratu ditu. Ikerketa honek txakurren arrazak ez duela euren jokabidea determinatzen erakutsi du. 

78 arrazako 2.000 txakurren geneak aztertu ondoren behatu dute arrazak txakurren jokabidearen %9 bakarrik azaltzen duela. Adina bera, txakur bakoitzaren jokabideak azaltzeko askoz ere faktore aipagarriagoa litzateke, arrazaren aurretik. Adinaz gaindi, bizi den inguruaren ezaugarriek ere eragin zuzena izango luke. "Txakurren jokabidea, gizakiena bezala, konplexua da eta aldaketa ugariren emaitza da: geneak, ingurua, sozializazio goiztiarra, jazoera traumatikoak...", azaltzen du Karlsson-ek. 

Gainera, txakurrak aztertzeaz gain, txakurrekin bizi diren 18.000 pertsonei galdetegia pasa zitzaien eta 200.000tik gora erantzun kontrastatu ziren. Datu hauek ere baieztatu egin dute txakurren jokabidea ez dela arrazaren arabera esleitzen. Horregatik, Karlsson-ek uste du ez duela zentzurik arraza batzuk arriskutsutzat sailkatzea. 

Beraz, txakur bat adoptatzekotan bazabiltza (erosi sekula ez!) pentsatu bi aldiz, ez hartu kontutan bere arraza, eta besterik gabe, maitatu ezazu den bezalaxe.