Txakurrek barre eginarazi nahi dizute eta zientziak badaki zertarako
Aditu askok ikertu dute honen inguruan eta erantzuna baiezkoa da. Txakurrek barre egiten dute, baina gure barrearen oso ezberdina da.
Gure barrera, ekintza erritmikoz osatzen da eta nahi gabekoa izan ohi da. Txakurren barrea, berriz, arnasestu indartsua izan ohi da. Gure barrearen ezberdina bada ere, eurek ere zoriontsu direla komunikatzeko egiten dute irri. Normalean gizakiekin jolasean ari direnean.
Konrad Lorenz adituak, bere Man Meets Dog liburuan honela deskribatzen du lau hankako iletsuen barrea: "masailezur irekiak, mingaina kanpoan eta ahoa ia belarrietaraino zabaldua. Batzuetan gorputz-hizkuntza ere erabiltzen dute erreberentziak eginez edo saltoka hasiz".
Honek esan nahi du txakurrek umore sena dutela? Konplexua da. Txakurrek gazte baten garuna izango balute bezala eboluzionatu dute. Horregatik garatu dute jolasteko horrenbesterainoko grina.
Fenomeno hau lehenengoz Charles Darwinek ikertu zuen eta hainbat hipotesi planteatu zituen. Bere ustez jolasa umore sena da, beraz, txakurrek badakite zer den barregarria eta zer ez. Beste ikerketek frogatu dute primateek ere badutela umore sena.
Txakurretara itzuliz, hainbat ikerketek baieztatu dute gure ahots tonuaren arabera badakitela triste edo pozik gauden. Gure ahotsak baikorrak badira edo barreka ari bagara, euren garuneko zati bat aktibatzen da, aldiz, ahots tristeak edo negarra entzutean beste bat. Honen aurrean adituek beste galdera bat planteatu dute: Guri barre eragiten saiatzen al dira txakurrak?
Egin diren ikerketen arabera, txakurrek nahikoa ulermen sozial dute jakiteko barrea positiboa dela. Ulertzen dute barre egitea eta jolastea lotuta doazela. Horregatik, askotan saiatzen dira guri barrea eragiten. Izan ere, txakurrak euren etxeko gizakien gorputzeko-hizkuntzarekin oso sintonian egon ohi dira.
Berehala ikasten dute giza-barrea positiboa dela eta, beraz, barre asko egiten duten jendearekin egotea atsegin dute.
Honela, txakurrek euren artean barre egiten ez badute ere, ahal den guztia egiten dute gurekin komunikatu ahal izateko, eta horregatik, gure hizkuntza ikasten dute, baita gu pozteko barre egin ere.

