Txakur eta katuei belarriak edota buztana moztea, debekatuta

Txakur eta katuei belarriak edota buztana moztea, debekatuta Albiste ona senide iletsuentzat; azkenik, jarri dute martxan etxeko animaliak mutilatzea debekatzen duen legea; horrekin batera, sakrifizioak kontrolatzen hasiko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/txakur-eta-katuei-belarriak-edota-buztana-moztea-debekatuta/@@download/image/Dog-Photography-by-Tim-Flach-7.jpg
2018/02/02
berria
Albiste ona senide iletsuentzat; azkenik, jarri dute martxan etxeko animaliak mutilatzea debekatzen duen legea; horrekin batera, sakrifizioak kontrolatzen hasiko dira.

Aste honetatik aurrera, debekatuta dago etxeko animaliak mutilatzea. Hemendik aurrera, txakur eta katuei buztana, belarriak, ahots kordak, hortzak edota azazkalak kentzea delitua izango da.

 

Europatik datorren legedia da, Espainiak berriki egokitu duena halabeharrez. Hala, atzean gelditu dira PPko zinegotzien adierazpen negargarriak, non txakurrei buztana moztea justifikatu zuten animaliek buztankadekin jabeak jo ez zitzaten.

 

 

Beraz, hemendik aurrera ezingo dira animaliak arrazoi estetikoengatik mutilatu; soilik osasun arazoek justifikatuko dituzte, horrelako ebakuntza agresiboak. Bestalde, animalien sakrifizioak kontrolatzen hasiko dira; itotzea eta bestelako asfixia metodoak, pozoia, frogak, elektrokuzioa eta antzeko heriotza bortitzak debekatuko dituzte.

 

 

Dena den, neurri horiek motz gelditzen dira; oraindik ez dira esterilizazioaren eta adopzioaren aldeko kontzientzia kanpaina indartsuak egin, eta zoritxarrez, milaka dira txakurtegietan aukera berri baten zain itxoiten jarraitzen duten abandonatuak. Hain zuzen, otsaileko GAZTEZULON, ahotsa eman diegu horietako batzuei; Etxauriko Neskekin izan gara, beren borondatezko lana gertutik ezagutzeko. Jarraian, Etxauriko biztanle ahaztu baten eskutitza aurkituko duzue; erreportajea osorik, hil honetako zenbakian.

 

KAIren eskutitza

“Oraindik gogoan dut gure kotxe gorriaren atzeko atea ireki zenuen egun hura. Nire pilota gustukoena esku artean zenuen arren, zure aurpegiak ezohiko keinu bat transmititzen zuen, baina berdin zitzaidan. Oso pozik nengoen, zurekin jolasteko irrikatan, beti bezala nire buztantxo beltza etengabe mugituz. Azkenean jaurti zenuen nire pilotatxoa. Inoiz  baino urrunago. Aurkitu eta zeunden tokira iritsi nintzenean ordea, desagertu egin zinela konturatu nintzen. Ez zu, ez gure kotxe gorria. Arrastorik ez.

Ezker-eskuin begiratzen hasi nintzen, urduri. Non sartu zinen? Zergatik utzi ninduzun hor? Txakur-kume guztien artetik ni aukeratu ninduzuenean zoriontsu ikusten zitzaizun. Egun horretatik aurrera familia bat osatu genuela uste nuen. Egia da 8kg pisatzen nituela eta gaur egun 30, baina barrutik berbera izaten jarraitzen dut. Berdin-berdin maite zaituztet. Zuek jada ez nauzue maite? Non zaudete? Beldur naiz. Nora joango naiz?


Zer egingo dut? Ez dakit non nagoen. Nirekin haserretu zarete gehiegi hazi naizelako?“.