Txakur berde bat izan nahi duzu?

Etxean animalia bat dugun momentutik kontsumo erabakiak hartu beharra ditugu: pentsua, jostailuak, zainketa produktuak... ez dute, ordea, eskuratzen ditugun produktu horiek gure baloreetatik aldenduak egon beharrik. Hona hemen aholku batzuk:
Erabili jostailu birziklatuak eta eman bigarren bizitza bat jada etxean dituzun gauzei
Txakurra duzunetako bazara, badakizu jolastea biziki maite dutela, baina baita suntsitzea ere, batez ere kumeak direnean. Plastikoa murrizteko lanketa bat egiten ari bazara, eta ez baduzu etengabe txakurrari jostailu berriak erosten egon nahi, bada alternatibarik.
Haurrak baldin badituzu, aukera bat da, seme-alabek jada erabiltzen ez dituzten jostailuak berrerabiltzea, ahal balitz plastikorik ez dutenak. Zuk zeuk ere, etxeko objektuak birziklatuz sortu ditzakezu maskotarentzat jostailu berriak. Adibidez, jada erabiltzen ez duzun galtza edo jertse bat, korapilo egokiak eginez, pilota dibertigarri bilakatu liteke.
Pentsu ekologikoen aldeko apustua
Mundu osoan landagarri diren lurren %75 animaliei jaten emateko pentsuak ekoizteko bideratzen dira. Honek, ingurumenean sekulako eragina du eta emankorrak diren lurrak narriatzen ari dira eta urak kutsatzen, ezinbestean. Kopuru horretatik gehiena ganadutegietara bideratzen bada ere, portzentaia horren zati bat gure maskotentzako janari bilakatzen da.
Bada merkatuan pentsu eskaintza zabala aurkitu daiteke, eta horietako batzuk produktu ekologikoekin egina izan ohi dira. Edgar & Cooper (landareetan soilik oinarritutako pentsua ere badute gainera txakurrentzat), Naku Vida, Naturess Veriety edo Retorn dira marka horietako batzuk. Zerrenda, zorionez, geroz eta luzeagoa da.
Poltsa biodegradagarriak erabili
Txakurra kalera ateratzerakoan, bere kaka jasotzea gure ardura da. Horretarako, ohikoena plastikozko poltsatxoak erabiltzea izan ohi da. Konpostagarriak diren aukerak badaude, ordea, erraz biodegradatzen direnak, zure lagun iletsuaren kakarekin batera.
Kasu plastiko eta mikroplastikoei
Berriki jakin dugu mikroplastikoak gure odolera pasa litezkeela. Bada guretzat arazoa badira, baita gure maskotentzat ere. Arrisku horiek ahalik eta gehien murrizteko plastikozko jostailuak ekiditea da onena, hasieran aipatu dugun moduan.
Uhalekin ere berdin. Material birziklatuko uhal marka ugari existitzen dira, material jasangarriekin sortutakoak.
Gure lagun iletsuen higienea zaintzerako orduan ere, ingurumena zaindu genezake. Marka ekologiko ugari daude sarean, batzuk baita formatu solidoan ere, hondakin gutxiago sortzeko.
Ez erosi, adoptatu (edo aldi batez zaindu)
Begi bistakoa badirudi ere, oraindik bada kontzientziatua ez dagoenik. Espainiar Estatuan bakarrik, 2020an, 162.000 maskota abandonatu ziren. Beraz, kanpora bidaiatu behar baduzu, eta zure maskota ezin baduzu zurekin eraman, eurak zaintzen dituzten hainbat leku badaude. Informatzea da kontua, ez dago aitzakiarik.
Bizitzako beste hainbat egoera dela eta zure maskotarekin bizitzerik ez baduzu hauek jasotzen dituzten hainbat elkarte ere existitzen dira, animaliari bigarren aukera bat aurkitzeko prest. Eta noski, zure bizitza lagun iletsu batekin partekatzea pentsatzen ari bazara, adoptatu, ez erosi!