Twitterren erabiltzaileek euren film gogokoena bozkatu ahal izango dute Oscar sarietarako
Berrikuntza berezia izango da aurtengo Oscar sarien 94.edizioan, akademiako kideak ez baitira bozka emango duten bakarrak izango. Twitterren erabiltzaileek 2021ean kaleratuko filmeen artean gogokoena bozkatuko dute, Oscarretan izendapena izan ala ez, #OscarsFanFavorite traola erabilita. Bozka gehien jasotzen dituen pelikulari aitortza egingo diote martxoaren 27an izango den Oscar sarietako emankizunean. Gainera, martxoaren 3ra bitarte martxan izango den bozketan parte hartutako hiru erabiltzaileri Los Angelesera bidaia oparituko diete, euren gonbidatuekin batera, 2023ko Oscarretan sari bat banatzeko.
Akademiako marketing digitalaren arduraduna den Meryl Johnsonek adierazi duenez, "mundu osoko sare sozialetako erabiltzaileek ikuskizunarekin zuzenean bat egiteko, komunitatea aurkitzeko eta esperientziaren parte izateko aukera handiagoa izango dute, aurretik izan ez diren moduetan".
2019an filme popularrenaren saria sortzekotan izan ziren, mainstream pelikulak ikusteko joera zutenek sari banaketa zuzenean ikus zezaten eta galaren audientziak gora egin zezan. Hainbat akademia kide eta kritikarik desadostasun nabarmena erakutsi ondotik, ordea, baztertu egin zuten ideia.
Twiterreko zinema zaleek aukeratuko pelikula gustukoena ez da kategoria ofizial bilakatuko, baina euren iritzia plazaratzeko bidea emango die. Batzuetan zaleek euren film kutuna gutxietsia izan dela sentitzen dute, batez ere izendapenik lortzen ez duenean, eta, horrela, sari banaketan aipatua izatea behintzat lor dezakete.

Film gogokoenaren aipamenaz gain, 2021eko film bateko eszenarik gogokoena ere hautatu ahal izango dute Twitterren erabiltzaileek, #OscarsCheerMoment traolapean. Bost eszena irabazleak zuzeneko emankizunean erakutsiko dituzte, zaleen txioekin batera, eta parte hartutako bost erabiltzailek sari ederra jasoko dute: eurek aukeratutako zineman sarrerak doan urtebetez, filmak ikusteko plataformetan harpidetzak, eta Akademiaren Museoko dendako ale esklusiboak.
Kanpaina honetan parte hartu nahi dutenek, asko jota, egunean 20 aldiz bidal ditzakete euren proposamenak bi kategorietan.


