Tupeak gora!

Tupeak gora! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tupeak-gora/@@download/image/21p20-1_1369934594.jpg
2002/07/05
erreportajea
Asier Leoz
Tupeak gora!


Zurrumurruak berriro ere erruz ugaritzen hasi dira mitoaren inguruan. Haietako batek Elvis Presley Las Vegasen croupier lanetan kokatu du. Azkenaldian Ameriketako Estatu Batuetako zenbait egunkaritan kaleratutako "albistea" dugu hauxe, baina hala ere, horrelako esamesak etengabeak dira. Eta mota guztietako hipotesiak daude, Elvis Presley beste galaxia batetik heldutako biztanletxo berdeekin lotu dutenak, tartean. Ez dago, mendebaldeko kulturan, Elvisenak adina zeresan sortarazi duen irudi askorik. 1977. urteko abuztuaren 16an Elvis Presley hilotz aurkitu zuten, baina askok "Erregea" bizirik dagoela dioten teoriei heldu nahi diete. 

That's all right mama!
Elvis, munduan bakarra? Horixe esaten da, eta ulertzekoa da, bere ahotsari erreparatuz gero, behintzat. Elvis Aaron Presley jaio eta handik minutu batzuetara, ordea, Jesse Garon Presley anaia bikia jaio zen. Erditze zail hartan, Jesse hilik etorri zen mundura. Gertaera hark eragin handia izan zuen amarengan eta onik atera zen semeari neurriz kanpoko babesa eman zion, nagusia izan zen arte. Gladys Love, horixe zen Elvisen amaren izena. Adituen arabera, bera izan zen abeslariak gehien maitatu zuen pertsona. Amaren heriotza, 1958an, Elvis soldaduska egiten ari zela, musika izarrak inoiz jasotako kolperik latzena izan zen.

"My happiness"-ek, Elvisek hamairu urte zituela amari oparitzeko egindako lehen grabaketak, Sun Records zigiluaren interesa piztu zuen. Hala, gerora Elvis-en bizitzan pisu handia izango zuen norbait azaldu zen bidean: Sam Philips Sun Records-eko nagusia. Elvisekin zintzo portatu zen bakarretakoa izan zen Philips. Haren disketxearekin, Elvis-ek hasierako kantu biribilak argitaratu zituen. Bing Crosby-ren balada bigunen garaian, gerri kolpeak emanez, estatubatuarrak beren onetik atera zituen Elvis-ek; ez zirudien inork gelditu ahal izango zuenik, ez bazuen berak bere buruaren kontra egiten, behintzat.

Graceland urrezko kaiola
Okerra izan al zen zinean sartzeko erabakia? Batek daki. Elvis protagonistatzat zuten filmeek (31 guztira) ez dute aparteko arrastorik utzi zinearen historian ("Fun in Acapulco", "Girls! Girls! Girls!", "Paradise Hawaii"...), baina dena den, etekin oparoak eman zizkioten musikariari. Ildo honetatik, kantaria laster hasiko zen gobernatu zezakeena baino ondasun gehiago izaten. Soilik beren interesei begiratzen zieten aholkulariak, drogekiko gero eta menpekotasun handiagoa, dena zurrupatzen zion managerra… honek guztiak Graceland izeneko jauregian bat egin zuen. 

Elvis-ek ez zuen Graceland-etik zertan irten: behar zuen guztia eramaten zioten hara, sendagile onenak zituen eta haietako batzuek gamelu lanak egiten zituzten berarentzat soilik. Graceland-eko 128 geletan denetarik zegoen: zine aretoak eta igerilekuak nonahi; gimnasioak, Elvis karatean aritu zedin, ekialdeko Asiatik etorritako maisuen begiradapean; Erregearentzat baino lan egiten ez zuen sukaldari taldea… Sukaldariak Paristik ekarri zituzten eta Elvisen gustuko jakiak beti prest egoteaz arduratzen ziren: behi hanburgesak eta marrubi izozkia tonaka. Horrekin eta bere jauregiko Pepsi makinekin (Elvis Coca Cola erraldoiaren etsai nagusia zen), nahikoa zuen. 

Halako batean Elvisek txikitako ametsa gogoratu zuen, FBI-ren plaka bat lortu nahi zuen, hain zuzen. Ordu batzuk beranduago, Richard Nixon presidenteak berak plaka eman zion, eta Elvisek bere etxeko piezarik preziatuena bihurtu zuen. Bide batez, Elvis Presley-ri bete gabeko erronkak amaitu zitzaizkion eta, zeregin ezean, maldan beherakoa hasi zuen.

70eko hamarkada Elvisen dekadentziarena izan da beti historiarentzat, baina gogoan izan beharra dago bere kanturik onenetarikoak urte haietan eman zituela, "Suspicious minds" eta "In the ghetto", adibidez. Esan daiteke ahots aparta hura izan zela bere horretan mantendu zuen gauza bakarra. Bere pausoak gero eta galduagoak ziren, kontzertuetan askotan egoera fisiko negargarrian azaltzen zen, batzuetan abestu ordez karate erakustaldiak egiten zituen, eta bere pilula sorta gabe ez zen zutik egoteko gai. Hori guztia jakina da, baina Elvis Presley rock n' roll-ak ezagutu duen abeslaririk handiena izan zen eta eskenatoki gainean izar izaten jakin zuen lehena. Ondoren etorritako guztiek bazuten nori begiratu. Horregatik, eta Elvisen mitoa hori baino askoz urrunago iritsi delako, milaka lagunek aurten ere Gracelanderako bidea hartuko dute, etxea toki santu bihurtzeko. 25 urte pasa dituzte Elvis-en berririk izan gabe eta urteurrena gogoratu behar dute.