Ttalaka: "Euskal kulturaren sareko erreferente bilakatzea gustatuko litzaiguke"

Ttalaka: "Euskal kulturaren sareko erreferente bilakatzea gustatuko litzaiguke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ttalaka-euskal-kulturaren-sareko-erreferente-bilakatzea-gustatuko-litzaiguke-2/@@download/image/ttalakariakkkk_1403183740.jpg
2014/06/19
erreportajea
Adin guztietako euskaldunek aisialdia euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten lan egiten du ttalaka.org atari digitalak. Kultura sustatzeko sareko presentzia bermatu nahi dute.
Segidarik izan ez zuen elkarte bati jarraipena emateko gonbitak jarri zuen Ttalaka Elkartearen hazia. Plataformarik gabe geratu ziren arren, zenbait proiekturi heltzeko gogotsu zeudenez, Ttalaka Kultur Elkartea abiatzea erabaki zuen Maitane Ayerregaray, Arkaitz Sukuntza eta Jokin Ayerregarayk osatutako hirukoteak.

Hutsetik sortu behar izan zuten kultur elkarte berria, tankera honetako proiektuak kudeatzeko modua ezagutu gabe. Hala ere, ezjakintasuna ez zen oztopo izan, eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Erregistroan aurkeztu beharreko estatutuak egituratu ahal izateko, pixkanaka-pixkanaka elkartearen helburuak eta funtzionamendua zehaztu zituzten. Orain, hurrengo erronkari heldu diote; proiektuak gauzatu ahal izateko finantziaketa bideak aztertzen ari dira.  

Ttalakak kolaboratzaile sare zabala dauka: "Proiektu berri bat hasten dugun bakoitzeko, gure laguntzaile sarea handituz doa". Eta zer nolako laguntzaile taldea duten gainera! Kulturaren alorrean ezagunak diren hainbat aurpegi ikusi ahal izan ditugu ttalaka.org-n, elkarrizketen protagonista zein blogari gisa. "Egia da euskal kulturako aurpegi esanguratsuenei leku bat egin diegula, geure kulturako erreferenteak bultzatzea beharrezkoa iruditzen zaigulako; askotan atzerrira jotzen dugu-eta erreferente bila etxekoak ondoan izanda". Baina ez dira pertsonaia ezagunak webgunean agertzen diren bakarrak, izan ere, proiektua martxan jarri aurretik deialdi irekia egin zuten blogari bila. Ttalakako kideek ondo dakite sare sozialek berezibiko garrantzia dutela eurena bezalako proiektu batean, plataforma horiei esker lortzen baitute feedback-a. Horregatik, Ttalaka.org webgune parte hartzailea da, eta edozein erabiltzailek aukera du ekitaldiak proposatu, iritzia eman, iradokizunak egin zein proiektu propioak aurkezteko.

Irudiaren aldeko apustua egin du Ttalakak: "Teknologia berriek nahiko alferrak izatera bultzatzen gaituzte. Gaur egun testu luze bat irakurtzea baino nahiago dugu eduki bera bideoan ikusi, eta bideoa laburra bada askoz hobe. Ttalaka.org webgunea sortzearekin batera beharrezkoa ikusi genuen grabaketa ekipo on bat erostea, eta elkartetik esfortzu bat egin zen hori eskuratzeko". Denen artean egiten dituzte bideoak, adostutako estilo kodea jarraituta. 

Ttalaka Elkarte Kulturalak ez du soilik besteek sortzen dituzten kultur ekintzen berri ematen, eurek ere sortzen baitituzte. Orain, Ireneren Unibertsoa liburu bildumaren inguruko ipuin kontaketa didaktikoaren antolakuntzan dihardute. "Lanean gabiltza ekintza berriei forma emateko ere, nahiz eta horien inguruan ezin dizuegun ezer aurreratu", diote.

Oso pozik daude proiektuak izan duen harrerarekin, eta aurrera egiteko motibaziorik ez zaie falta: "Euskal kulturaren sareko erreferente bilakatzea gustatuko litzaiguke, euskal kulturaren maitaleen sareko txokoa izatea. Elkarteari dagokionez, geure lan esparrua zabaldu eta euskara eta kulturaren alde gure esku dagoen guztia egitea." Gainera .eus domeinua izango duten lehenengo 90 webguneen artean izango dira, eta horrek lantaldea ikaragarri poztu du.